Athletic Club
Errege Kopako finala
412 sarrera, finalean, Athleticeko gizonezkoen lehen taldeko jokalarientzat, teknikarientzat eta langileentzat
EITB MEDIA
Athleticek, bazkideentzakoak ziren 17.848 sarreren zozketa eginda, zehaztu du nola banatuko dituen klubeko konpromisoetarako erreserbatuta utzi zituen 2.850 sarrerak.
-
Athleticeko zaleak Cartujan izango dira, 2015ean Camp Noun ere izan zirenez. Argazkia: EFE.
Athleticeko gizonezkoen lehen taldeko jokalariek, teknikariek eta langileek 412 sarrera izango dituzte, apirilaren 6an Sevillako Cartuja futbol zelaian Athleticek eta Mallorcak jokatuko duten Errege Kopako finalerako. Hala zehaztu du, ostegunean, Bilboko klubak; izan ere, Athleticek, bazkideentzakoak ziren 17.848 sarreren zozketa eginda, zehaztu du nola banatuko dituen klubeko konpromisoetarako erreserbatuta utzi zituen 2.850 sarrerak.
Testuinguru horretan, Athleticek adierazi du 2.850 sarrera horietako 800 "peñek, Club Athleticek eta animazioak" jasoko dituztela; 529 sarrera izango dituzte "babesleek, Fundazioko enpresa bazkideek, VIP palkoek eta VIP besaulkiek"; 249 izango dira "konpromiso instituzionaletarako eta bestelakoetarako"; 221, "beteranoentzat, presidente ohientzat eta entrenatzaile ohientzat"; 50, "emakumezkoen lehen taldearentzat eta Bilbao Athleticentzat"; eta 26 hauek jasoko dituzte: "Patronatuak, Diziplina Batzordeak, Apelazio Batzordeak, Hauteskunde Batzordeak, Bazkidearen Defendatzaileak eta Kontrol, Gardentasun eta Gobernu Onerako Batzordeak".
Arestian esan bezala, euskal klubak eguerdian zozkatu ditu bazkideentzako sarrerak; 17 848 sarrera zeuden, eta 42.271 bazkidek zuten izena emanda.