Athletic Club
CARTUJAKO ESTADIOA
Athleticek eta Mallorcak 20.698 sarrera izango dituzte bakoitzak Kopako finalerako
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aipatu sarreren prezioa 40 eta 220 euro artekoa izango da. Partida 22:00etan jokatuko da, eta zuzenean ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en.
-
Athleticeko zaleak Kopako finalerdian. Argazkia: EFE
Ostegun honetan, datorren apirilaren 6an Sevillako Cartuja Estadioan jokatuko den Errege Kopako finalari buruzko bilera telematiko bat egin da. Bertan parte hartu dute Espainiako Futbol Federazioko zein Athleticeko eta Mallorcako ordezkariek, eta bileraren ondoren jakitera eman dutenez, talde bakoitzak 20.698 sarrera izango ditu eta partida 22:00etatik aurrera hasiko da.
Sarrerek 40 eta 220 euro bitarteko prezioa izango dute (5 euro inguruko kudeaketa komisio finkoarekin).
Bilboko erakundeak ohar baten bidez zehaztu duenez, berari dagozkion sarreren kopuru bat berarentzat gordeko ditu "kontratu, erakunde, kirol eta babesleen konpromisoei erantzuteko".
Zale zuri-gorriek estadioan izango duten kokapenari dagokionez, gehienbat, hego harmailan kokatuko dira, baina alboko eserlekuak ere izango dituzte.
Bestalde, estadioko ateak hiru ordu lehenago irekiko dira, eta itxaronaldia musikarekin eta jarduerekin egongo da girotuta, 22:00etara arte.
Athleticzaleek Sevillan izango duten topagunea (Athletic Hiria) Fernando Magallanes parkean egongo da, eta 40 bat minutu inguruko egin beharko dute oinez futbol-zelaira iristeko. Mallorcako zaleen elkartzeko tokia, berriz, Alamillo parkearen ondoan egongo da.
Era berean, Federazioak jakinarazi du Kopako finalak jokoz kanpo erdiautomatikoaren teknologia izango duela, eta VARaren erabakiak estadioan bertan ere jakinaraziko direla bideomarkagailuaren bidez.