Athletic Club
LaLiga EA Sports
Athleticek etxeko garaipenen bolada eten du, Bartzelonarekin hutsean berdinduta (0-0)
EITB MEDIA
Bilbotarrek partida ona jokatu dute eta neurketa. Joko bizia egin dute bi taldeek, baina gola egiteko aukera oso gutxi izan dira.
-
Unai Gomez eta Araujo. Argazkia: Efe.
Athleticek eta Bartzelonak hutsean berdindu dute LaLiga EA Sportseko 27. jardunaldian San Mamesen jokatutako partida. Gol aukera argi oso gutxi izan dira, baina bi taldeek erasora jokatu dute eta hainbat alditan iritsi dira aurkariaren ate ingurura.
Valverdek zazpi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, Errege Kopako finalerdietan Atletico Madrilen aurka zelairatu zuen taldearekin alderatuta: Paredes, Prados, Iñaki Williams eta Guruzeta izan dira berriro hasieratik erabili dituen lau jokalariak.
Lehen zatia oso orekatua izan da, baina aukera argienak kataluniarrek izan dituzte. Athletic ohi bezala hasi da, aurkariaren zelaian presio zorrotza egiten. Bartzelonak baloia jokatuta ateratzea oztopatu dute lehoiek behin eta berriro, eta Xaviren taldea ez da zelaian eroso egon.
Bartzelonak gainera, bi aldaketa egin behar izan ditu, jokalarien lesioak behartuta. 25. minutuan De Jongek min hartu du orkatilan, eta 43.ean Pedrik ere zelaia utzi behar izan du.
Lehen zatiko aukerarik argiena Cancelok izan du 31. minutuan. Baloia urrutitik jaurti du, Yerayk eta Unai Simonek elkarri oztopatu diote, eta atezainak ukitu ostean atzelariak baloia atepetik ateratzea lortu du.
Athletici dagokionez, zuri-gorriak Ter Stegenen ingurura behin baino gehiagotan iritsi dira, baina ez dute gola egiteko aukera argirik sortu.
Atsedenaldiaren ostean, joko bizia egin dute bi taldeek. Berenguerrek izan du lehengo aukera, Bartzelonaren arean sartu eta bere jaurtiketa indartsua Cubarsik aldaratu du, kornerrera.
Arriskua atea batean zein bestean izan da, lehoiak gola gogoz bilatu dute, baina aukera argirik sortu gabe.
75. minutuan, Valverdek Adu Ares eta Asier Villalibre sartu ditu zelaian, Iñaki Williamsen eta Gorka Guruzetaren ordez. Xavik, Iñigo Martinez zelairatu du, besteak beste. Bizkaitarra txistuekin hartu dute Katedralean.
Dani Garciaren aukera
Gola egiteko azken aukera Athleticek izan du. Dani Garciak buruarekin errematatu du Alex Berenguerrek ateratako kornerra eta baloia kanpora joan da.
Azkenea, hutseko berdinketarekin amaitu da neurketa San Mamesen. Bilbotarrek 10 garaipeneko bolada eten dute, baina kataluniarren aurka puntu baliotsua aterata.
Fitxa teknikoa
0 - Athletic: Unai Simon; Prados (De Marcos, 80. min), Yeray, Paredes, Imanol; Dani Garcia, Vesga (Galarreta, 63. min); Iñaki Williams (Adu Ares, 76. min), Unai Gomez (Sancet, 63. min), Berenguer; eta Guruzeta (Villalibre, 76. min).
0 - Bartzelona: Ter Stegen; Kounde, Araujo, Cubarsi (Iñigo Martínez, 76. min), Cancelo; Christensen (Oriol Romeu, 76. min), De Jong (Fermín, 26. min), Gundogan, Pedri (Lamine Yamal, 45. min); Rafinha (Joao Felix, 76. min) eta Lewandowski.
Epailea: Alejandro Hernández Hernández (Las Palmaseko batzordekoa). Txartel horia atera die Athleticeko Dani Garcia (52. min), Imanol (65. min) eta Berenguer jokalariei (86.min), eta Bartzelonako Araujo (32. min), Christensen (62. min) eta Kounde (88. min) jokalariei eta Xavi Hernandez entrenatzaileari (33. min).