Athletic Club
Argi hitz egin du
Bielsa: 'Ez naiz Llorente eta Javi Martinez taldean geratzeko oztopoa'
Erredakzioa
Athleticeko entrenatzaileak adierazi duenez, jokalariek argi utzi zioten ez zela bera izan taldetik joan nahi izatearen erruduna.
Athleticeko jokalariak eta zaleak azken egunotan bizitzen ari diren egoera ez da xamurra. Hau dela eta, Marcelo Bielsak hainbat gai argitu nahi izan ditu.
Talde zuri-gorriko entrenatzaileak esan duenez, ez da bera izan Javi Martinez eta Llorente klubean geratzeko oztopoa. "Javi Martinez eta Llorente ni baino garrantzitsuagoak dira klubean. Taldean geratzeko oztopoa ni ote nintzen galdetu nien taldekide guztien aurrean, eta ezetz erantzun zidaten. Aurkakoa izango balitz, argi daukat zer egingo nuen; beti proiektuaren alde", esan du Bielsak.
Amorebietaren gaiaren inguruan ere hitz egin du Bielsak: "Klubak Amorebieta presionatu nahi duela esan izan da. Kontratua berritzeko presionatu nahi duela, eta zigor bezala bakarrean entrenatzen ari dela. Baztertuta entrenatzen bada, bere animoa ondo ez dagoelako da. Nik jokalarien egoera animikoa aztertzen dut, eta horren arabera hartzen ditut erabakiak. Besterik ez".