Athletic Club
Osasun txostena
Ander Herrera baja da Gironaren aurkako partidarako eta zalantza Kopako partidari begira
Agentziak | EITB MEDIA
Klubak aditzera eman duenaren arabera, erdilariak “lesio muskular moderatua du eskuineko zangoko muskulatura iskiosuralean”.
-
Ander Herrera, Realaren aurkako partidan. Argazkia: Efe.
Ander Herrera Athleticeko jokalaria baja da bilbotarrek astelehenean San Mamesen Gironaren aurka jokatuko duten Ligako partidarako. Erdilariak lesio muskularra du. Otsailaren 29ko Errege Kopako finalerdietako itzuliko neurketari begira, zalantzan dago Herrera jokatzeko moduan izango den.
Klubak ateratako osasun txostenaren arabera, Herrerari egindako osasun azterketek "lesio muskular moderatua antzeman dute eskuineko zangoko muskulatura iskiosuralean".
Lesioaren ondorioz, jokalaria aparte entrenatu da, eta "lesioaren bilakaeraren zain" dago.
Herrera da Gironaren aurkako partidari begira Ernesto Valverdek duen baja ziur bakarra, Nico Williams, Gorka Guruzeta eta Dani Vivian (Almeriaren aurka ez ziren aritu, lesionatuta baitzeuden) azken bi egunetan taldearekin batera entrenatu direlako.
Oihan Sancet, berriz, zalantzan dago. Nafarra bera bakarrik aritu da ostegunean eta ostiralean, baina oraindik beste bi saio izango ditu (larunbatekoa eta igandekoa) taldekideekin entrenatzeko.