Itxi

Athletic Club

LaLiga EA Sports

Athleticek berdinketa baino ez du lortu partida erdia 10 jokalarirekin jokatu duen Almeriaren aurka

L. E. A. | EITB MEDIA

Zuri-gorriek oso aukera gutxi sortu dituzte oraindik denboraldi osoan garaipenik lortu ez duen azken sailkatuaren aurka. Andaluziarrak, gainera, partida irabazteko aukera izan dute.

  • Iñaki Williams eta Raul Garcia, Almeria-Athletic partidan

    Iñaki Williams eta Raul Garcia, Almeria-Athletic partidan. Argazkia: Efe.

Athleticek hutsean amaitu du Almeriaren etxean jokatutako LaLiga EA Sportseko 24. jardunaldiko partida. Bilbotarrek oso gol aukera gutxi sortu dituzte eta estu eta larri ere izan dira zenbait momentutan, Gaizka Garitanok zuzentzen duen Almeriaren aurka. Andaluziarrak sailkapeneko zuloan dira, denboraldi osoan garaipen bat bera ere lortu barik, eta gaur hiru puntuak eramateko aukera pare bat ere izan dituzte.

Zuri-gorriak erasora atera dira lehen minutuetatik eta Vegak lehen abisua eman du 3. minutuan urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Baina bilbotarrek ez diote erritmo horri jarraipenik eman eta apurka-apurka Almeria jokoa kontrolatzen hasi da. Andaluziarrek ez dute denboraldi osoan partida bakar bat ere irabazi, eta gogoz jo dute erasora.

Gaizka Garitanoren taldea eroso egon da zelaian eta Ramazanik, besteak beste, buruko min bat baino gehiago sortu dizkio Athleticen defentsari. Bizkaitarrek ez dute asmatu jokoari euren erritmoa jartzeko garaian, eta, ondorioz, oso aukera gutxi izan dituzte benetako arriskua sortzeko. 35 minutu behar izan dituzte Maximianoren atera lehen jaurtiketa egiteko. Villalibrek egin du, indarrik gabe, Iñaki Williamsek emandako pase onaren ostean.

40. minutuan iritsi da zuri-gorrien aukerarik argiena. Athleticek korner bat atera du eta Paredesen burukada bikaina ikusgarri atera du Almeriaren atezainak. Bost minutu geroago, aukera etxeko taldeak izan du Lozanok buruarekin egindako errematearekin, baina Unai Simonek ondo harrapatu du baloia.

Bigarren zatian gauzak aldatu, eta okerrera egitear izan dira, Almeriak gola egiteko oso aukera argia huts egin baitu 51. minutuan.  Bi minutu geroago, andaluziarrak jokalari bat gutxiagorekin geratu dira, epaileak Ramazaniri bigarren txartel horia atera dionean. Baina bilbotarrak ez dira egoera horri etekina ateratzeko gai izan.

Raulen aukera eta bukaerako sustoa

Valverde etsita izan da eserlekuan, bere jokalariak benetako arriskua sortzeko gai ez zirela ikusita. Raul Garciak izan du bigarren zatiko aukera bakarra, 86. minutuan egindako burukadarekin, baina baloiak zutoinean jo du. Bilbotarrek ez dute bigarren zati osoan aukera gehiagorik sortu ligako azken sailkatuaren etxean.

89. minutuan, Garitanoren jokalariak garaipenaren gola sartzear izan dira, baina Marezik baloia gora jaurtu du errazena Simonen atean sartzea zela zirudienean. Azkenean, markagailua ez da mugitu eta puntu bana eraman dute Almeriak eta Athleticek.

Fitxa teknikoa

0 - Almeria: Luis Maximiano; Marc Pubill, Ivan Radovanovic, Edgar, Alex Centelles (Bruno Langa, 65. min); Idrissu Baba, Lucas Robertone, Dion Lopy (Melero, 47. min); Sergio Arribas (Embarba, 65. min), Largie Ramazani eta 'Choco' Lozano (65. min, Marezi).

0 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta, Vesga; Iñaki Williams, Unai Gomez (Iker Muniain, m. 46), Berenguer (Adu Ares, m.73) eta Villalibre (Raul Garcia, m.46) .

Epailea: Garcia Verdura, (Kataluniako batzordekoa), Largie Ramazani kaleratu du bi txartel horia aterata (26.min eta 52. min). Txartel horia atera die Marc Pubill (m.33.min) eta Athleticeko Sanceti (83. min).