Athletic Club
ERREGE KOPA
Finalaurrekoetarako txartela jokoan du Athleticek, Bartzelonaren kontrako Kopako klasikoan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erabakiorra ez ezik, historikoa ere izango den neurketa jokatuko dute asteazken honetan Athleticek eta Bartzelonak San Mamesen, Errege Kopa gehien irabazi dituzten bi taldeak izango baitira aurrez aurre. Baliteke Iñaki Williams jokatzeko prest egotea, Ghana Afrika Kopatik kanpo, Bilbon dagoelako.
-
Athleticen eta Bartzelonaren arteko partida bateko artxiboko irudia. EFE
Athleticek Bartzelonaren bisita jasoko du asteazken honetan San Mamesen, Errege Kopako final laurdenetako hitzorduan, 21:30ean. Neurketa erabakiorra da bi taldeentzat, finalaurrekoetarako txartela dutelako jokoan. Horrez gain, historikoa ere bada, Errege Kopa gehien irabazi dituzten bi klubak izango direlako lehian: Bartzelonak 31 aldiz irabazi du; lehoiak, ostera, 23 bider izan dira nagusi.
Ernesto Valverdek gidatzen dituen jokalariek galdu egin zuen Valentziaren kontrako ligako partida Mestallan joan den asteburuan: 1-0. Hala, azken jardunaldietako bolada ona hautsi zuten; 14 norgehiagoka zeramatzaten galdu gabe, horietatik 11 irabazita. LaLiga EA Sports txapelketan bosgarren lekuraino gora egin zuten eta, gaur egun, Xavi Hernandezen taldearekin hiru puntuko aldea baino ez dute. Bartzelona, bestetik, ligako Betisen kontrako jardunaldian garaipena eskuratzetik dator Bilbora: 2-4.
Asteazken gauerako, Valverdek jokalari guztiak sartu ditu deialdian; hortaz, baliteke Iñaki Williams ere jokatzeko moduan izatea, Ghana Afrika Kopatik at geratuta, gaur iritsi delako Bilbora.
Xavi Hernandezek, bestetik, João Cancelo prest izango du Kopako hitzordu garrantzitsu honetarako. Halaber, Andreas Christensen daniarra ere deialdira bueltatu da, min hartuta egoteagatik Betisen neurketa galdu ostean.
FITXA TEKNIKOA:
-Balizko hamaikakoak:
Athletic: Unai Simon; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Vesga, Ruiz de Galarreta; Berenguer, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
FC Bartzelona: Iñaki Peña; Cancelo, Kounde, Araujo, Balde; De Jong, Gündogan, Pedri; Lamine Yamal, Lewandowski eta Ferran Torres.
-Epailea: Sánchez Martinez
-Zelaia: San Mames.
-Ordua: 21:30.