Itxi

Athletic Club

Prentsaurrekoa

Josu Urrutiak argi utzi du ez dutela Fernando Llorente salduko

Erredakzioa

Urrutia presidenteak Llorentek Athleticetik alde egin nahi duela baieztatu du, baina zuri-gorriek ez dutela jokalaria salduko argi utzi du. Beste taldeek desegite klausula ordaindu beharko dute.

02:13
Urrutia: 'Ez dugu Athleticeko jokalaririk saldu nahi'

Fernando Llorentek Athleticen ez duela jarraitu nahi adierazi dio Josu Urrutia presidenteari. Errioxako aurrelariak 2013ko ekainera arte talde zuri-gorriarekin akordioa dauka, eta Llorente fitxatu nahi duenak bere desegite klausula (36 milioi euro) ordaindu beharko du.

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak Athleticek ez duela jokalaria salduko argi eta garbi utzi du prentsaurrekoan. Abuztuaren 3an Llorentek akordioa ez duela berritu nahi adierazi zion Urrutiari. "Arrazoiak ez dira ekonomikoak; beste txapelketan batzuetan parte hartu nahi duela azaldu digu Llorentek. Nik nire etsipena azaldu diot" adierazi du Athleticeko presidenteak.

Llorente Athleticetik joatea etsipen handia dela azpimarratu du Josu Urrutiak. "Berdin da hamabi, hamalau edo hamasei milioi ordaindu nahi badituzte desegite klausula ordaindu beharko dute, guk ez baitugu jokalaririk saltzen", adierazi du presidenteak.

"Llorentek badaki gure erabaki jokalariak ez saltzea dela. Ez dugu beste taldeekin hitz egingo, eta hurbiltzen direnei gauza bera esaten diegu, Athleticek ez duela jokalaririk saltzen. Athleticen helburua ez da jokalariekin negozioa egitea, baizik eta jokalariek euren ibilbidea bertan bukatzea", azaldu du Urrutiak.

Akordioa negoziatzen urtebete daramatela azaldu du Josu Urrutiak. Akordioa berritzeko, urteko, Llorentek 5,5 milioi eskatu zituela zabaldu da, informazio hori berretsi gabe badago ere. Talde zuri-gorriak milioi bat gutxiago eskaintzen zion.