Athletic Club
Errege Kopa
Athleticek Rubi menderatu du (1-2), Adu Aresek bi gol sartuta, eta Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da
EITB MEDIA
Bilbotar jokalari gazteak, 51. eta 58. minutuetan, talde zuri-gorriaren bi golak egin ditu, eta Marc Rodriguezek, 86.ean, Kataluniako taldearena sartu du. Athleticek ez du arazo handirik izan partida kontrolatzeko azken minutuetara arte; horietan, baina, etxekoek Valverderen gizonak estutu dituzte.
Athletic 2023-24 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da asteazkenean, Rubi 1-2 Can Roses zelaian menderatuta. Adu Aresek, 51. eta 58. minutuetan, talde zuri-gorriaren bi golak egin ditu, eta Marc Rodriguezek sartu du Kataluniako taldearena, 86.ean. Athleticek ez du arazo handirik izan kanporaketa kontrolatzeko, partidako azken minutuetara arte; horietan, etxekoek Valverderen gizonak estutu dituzte.
Ernesto Valverdek hainbat jokalari berri sartu ditu hasierako hamaikakoan. Espero bezala, Julen Agirrezabalak Unai Simonen lekua hartu du, atepean; atzealdean, Beñat Prados aritu da eskuinaldetik, Unai Egiluz (debuta egin du) eta Peru Nolaskoain ibili dira erdiko atzelari, eta Lekue ezkerretan. Zelai erdian, Vesga eta Unai Gomez izan dira, eta Adu Ares, Alex Berenguer eta Iker Muniain irten dira horien aurretik, Raul Garcia aurrelari gisa zegoela. Futbolari oso gazte batzuk, EA Sports Ligan ohikoak ez diren beste batzuekin batera; hori bai, jokalari batzuek, Berenguerrek, Vesgak eta Muniainek kasu, joko erritmo handiagoa zuten.
Lehendabiziko zatian, Athleticen asmoa izan da jokoari abiadura eman eta aurkariaren atzealdea zabalatzea, baina gutxitan erdietsi du hori, eta ez da golik izan aurreneko 45 minutuetan. Kanporaketa hasi eta berehala, Berenguerrek eta Raul Garciak aukera oso argi bana izan dituzte; Barañaingo erdilariak falta bat atera du, ateko angelura, eta, alderatzearen ostean, Zizur Nagusiko aurrelariak burukada ona egin du; Rubiko atezainak, Rafa Levak, baina, erantzun bikaina eman du bi erremateetan.
Kataluniako taldeko atezaina 23. minutuan ere ibili da oso fin. Orduan, Adu Aresek, jokaldi trebea eginda, area barrutik jaurti du. Atsedenaldira arte, Athleticek jokoa kontrolatu du, baina Rubik ondo babestu du bere atea, ordenatuta, sendo. Beraz, atsedenaldian, dena zegoen erabaki gabe.
Bigarren zatian emozio handiagoa izan da, joko biziagoa ere bai, eta bi taldeek gehiago asmatu dute erasoan. Athletic 0-2 jarri da aurretik, Adu Aresek bi gol ia jarraian sartuta. Bilbotarrak 51. eta 58. minutuetan asmatu du, eta klub zuri-gorriaren lehen taldearekin lortzen dituen aurreneko bi golak sinatu ditu; lehenengoan, gogor jaurti du, eskuinez, eta bigarrena burukada polit baten bidez erdietsi du. Euskal taldeak alde zuen kanporaketa, eta ez zuen ematen arazorik izango zuenik, azken minutuetan, sailkatzea bermatzeko.
Marc Rodriguez Rubiko jokalariak, baina, 1-2koa egin du, buruz, eta hortik amaierara bitartean Athleticek gaizki pasatu du Bartzelonako futbol zelaian. Nolanahi ere, zuri-gorriek helburua gauzatu dute, eta astearteko zozketan izango dira.
Fitxa teknikoa:
1 - UE Rubí: Rafa Leva; Aitor Torres, Ruiz, Oriol Tenorio, Pérez Picón (Monso, 63. min), Morell (Sergio Mulero, 82. min); Adrià Recort, Masip, Pau Jimenez (Abde, 73. min); Muñi (Cristian Mulero, 73. min), Dani Muela (Rodriguez, 63. min).
2 - Athletic: Agirrezabala; Beñat Prados, Peru Nolaskoain, Eguiluz (Vivian, 72. min), Iñigo Lekue; Unai Gómez (Ruiz de Galarreta, 68. min), Iker Muniain, Mikel Vesga (Dani García, 68. min); Adu Ares, Raúl García, Álex Berenguer.
Golak: 0-1: Adu Ares (50. min). 0-2: Adu Ares (57. min). 1-2: Marc Rodríguez (86. min).
Epailea: César Soto Grado. Txartel horia atera die Rubi taldeko Perez Picón, Oscar Morell, Sergi Monsó eta Sergio Mulero jokalariei.