Itxi

Athletic Club

Athletic-Slaven (3-1)

Zuri-gorriek aurrerapausoa eman dute Isma Lopezen gidaritzapean

Erredakzioa

Athleticek Slaven Koprivnica 3-1 hartu du mendean norgehiagoka hasieratik bideratu ostean. Talde bilbotarrak sailkapena itzuliko neurketan baieztatu beharko du Kroazian.

03:35
Isma Lopezek kanporaketa bideratu du

Fitxa teknikoa:

Athletic: Iraizoz; Iraola, Ramalho (Ekiza, 46. minutua), Gurpegi; Ibai Gomez (Llorente, 46. minutua), Iturraspe, De Marcos, Iñigo Perez; Toquero (Ruiz de Galarreta, 63. minutua), Isma Lopez; eta Susaeta.

NK Slaven: Rodic; Puric, Kokalovic, Grgic, Bubnjic, Maras; Canadija, Batarelo, Rak (Pilipovic, 81. minutua); Delic (Glavica, 58. minutua) eta Busic (Saban, 52. minutua).

Golak: 1-0, 15. minutua: Isma Lopez. 1-1, 18. minutua: Delic. 2-1, 19. minutua: Susaeta. 3-1, 67. minutua: Isma Lopez.

Athleticek Europa Ligako atariko kanporaketa bideratuta utzi du gaur San Mamesen; izan ere, zuri-gorriek Slaven Koprivnica Kroaziako taldea 3-1 hartu dute mendean. Marcelo Bielsaren taldea nagusi izan da, baina Slavenek abaguneak izan ditu lehen zatian sartutako golaz aparte.

Neurketa bizi hasi da eta Athleticek lehen gola berehala lortu du. Isma Lopezek debuta egin eta San Mamesen aurreneko gola sartu du (15. minutua).

Hala ere, Slavenek ez du etsi eta berdinketaren gola berehala sartu du. Kroaziako taldeak atzelari zuri-gorrien hutsa aprobetxatu du markagailua orekatzeko (19. minutua). Delicek atzelari bizkaitarren geldotasuna baliatu du Iraizoz gainditzeko eta zalantzak San Mameseko harmailetan zabaldu ditu.

Kolpea jaso eta hurrengo jokaldian Bielsaren jokalariek jokaldi berri bat lotu dute eta Susaetak baloia sareetan kokatu du (2-1 20. minutuan). Kroaziako taldearen atzelariak ez dira fin aritu eta Toqueroren erdiraketa batek eibartarraren oinetan amaitu du. Susaetak ez du barkatu eta bilbotarrak aurretik jarri ditu berriro.

Golen ostean neurketa kontrol fase batean sartu da; izan ere, Athleticek baloiaren jabetza bereganatu du eta Slavenek ez du arriskurik sortu. Athleticek abagune argi bat izan du atsedenaldia baino lehen, baina bizkaitarrek ez dute asmatu.

Bigarren zatian, 67. minutuan, Iñigo Perezek zutoinera bidali du baloia eta aldaratzea Isma Lopezek maisuki sareetan kokatu du.

3-1ekoak lasaitasuna eman dio talde bizkaitarrari eta bi aukera argi izan ditu aldea handitzeko. Susaetaren (85. minutua) eta Iraolaren (87. minutua) jaurtiketek ez dute atea aurkitu. Era berean, Gavicak (86. minutua) sustoa eman du, baina Slavenen aukerarik argienean ez du asmatu.