Athletic Club
Prentsaurrekoa
Llorenterekin liskarrik ez duela izan esan du Bielsak
Erredakzioa
Denboraldi bat isilik eman du Athleticeko entrenatzaileak eta "arrazoizkoena" zela argudiatu du. "Bere nahia errespetatzea eta errespetatua izatea" dela erantsi du.
Fernando Llorenterekin liskarrik izan ez duela ziurtatu du gaur Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak. Aurrelariak kontratua berritzeko dituen negoziaketak eguneroko lanean izan dezaketen eragina ez du baloratu izan nahi entrenatzaileak.
"Bi aldeen ardura da soilik, alde batetik futbolariarena eta bestetik erakundearena", adierazi du Bielsak. Llorenterekin liskarra izan duela dioten zurrumurruak "zehatzak ez" direla azaldu du Argentinako entrenatzaileak.
Athleticek eta Slavenek neurtuko dituzte indarrak ostegun honetan, Europa Ligan, eta entrenatzaile zuri-gorriak prentsaurrekoa eman du gaur neurketa horren atarian. Uztailaren 5ean Lezamako lanak gogor kritikatu zituenetik ez du prentsaurrekorik eman Bielsak.
Denboraldi bat isilik eman du Athleticeko entrenatzaileak eta "arrazoizkoena" zela argudiatu du. Josu Urrutiarekin duen harremanaren eta lanen inguruan ez du iritzi berririk eman Bielsak. "Bere nahia errespetatzea eta errespetatua izatea" dela erantsi du.
"Esan dezakedan gauza bakarra da, gai horien inguruan ez dut iritzirik emango. Bihartik aurrera lehian hasiko gara eta taldeaz bakarrik mintzatuko naiz aurrerantzean. Hori baita nire lanaren ardatza", azaldu du.