Athletic Club
Europa Liga
Athleticek Slaveni eta bajei egin beharko die aurre San Mamesen
Erredakzioa
Olinpiar Jokoetan dauden jokalariak, lesioak eta arazo fisikoak direla-eta Marcelo Bielsa entrenatzaileak aldaketak egin beharko ditu hasierako hamaikakoan.
-
Athleticen entrenamendua San Mamesen. Argazkia: EFE
Javi Martinez, Iker Muniain eta Ander Herrera Olinpiar Jokoetan daude, Fernando Amoriebieta eta Aritz Aduriz lesionaturik daude eta Jon Aurtenetxek arazo fisikoak izan ditu azken egunetan. Horrela, Marcelo Bielsa entrenatzaileak hasierako hamaikakoan berritasunak sartu beharko ditu.
Iraizoz, Iraola, Iturraspe, Susaeta eta De Marcos Slavenen aurkako hamaikakoan izango diren ohiko jokalari bakarrak izango dira. Era berean, Fernando Llorente izar zuri-gorria hasieratik berdeguneratu ala ez erabaki beharko du argentinarrak; izan ere, entrenamenduetanhiru asteko atzerapena du.
Berritasun nagusiak defentsan sartuko ditu entrenatzaile zuri-gorriak. Gurpegi eta Ramalho zentral modura arituko dira eta Iñigo Perez ezker hegalekoa izango da. Gainera, Iñigo Ruiz de Galarretak debuta egiteko aukera handiak ditu. Iturrasperekin batera euskarri lanak egin ditzake Ruiz de Galarretak. Ibai Gomez ere hasieratik zelairatu daiteke.
Slaven zalantzak alde batera uzteko arerio aproposa dirudi. Kroziako taldearen arrisku nagusia erritmoa izan daiteke; izan ere, dagoeneko lau neurketa ofizial jokatu eta guztiak irabazi ditu.
Roy Ferencina entrenatzailearen taldea Kroaziako ligako liderra da. Cibalia (0-3) eta Istra (3-1) gainditu ditu eta Europako lehiaketan Ipar Irlandako Portadown 6-0 hartu zuen mendean etxean, eta 2-4 etxetik kanpo.
Ustezko hamaikakoak:
Athletic: Iraizoz; Iraola, Ramalho, Gurpegui, Iñigo Perez; Iturraspe; Susaeta, De Marcos, Ruiz de Galarreta, Ibai Gomez; eta Llorente.
Slaven Koprivnica: Rodic; Puric, Grgic, Bubnjic, Maras; Kokalovic, Batarelo; Glavica, Rak, Delic; eta Saban.
Epailea: Serhiy Boiko (Ukraina).
Futbol-zelaia: San Mames.
Ordua: 21:00