Itxi

Athletic Club

Soropila aldatuko dute

Athletic San Mameseko soropila aldatzen hasi da, zelaia "muturreko beroagatik oso hondatuta" baitago

EITB MEDIA

Bilboko klubak, hala, baliatu du Athleticeko gizonezkoen lehen taldeak ez duela berriro ere San Mamesen jokatuko urriaren 29ra arte; partida horretan Valentzia izango dute aurkari zuri-gorriek.

  • San Mames, barrutik. Argazkia: EFE.

    San Mames, barrutik. Argazkia: EFE.

Athleticek astelehenean ekin dio San Mameseko soropila aldatzeari; izan ere, zelaia "oso hondatuta" geratu da, klubak iragarri duenez, Bilbon izandako muturreko bero-gertakarien ondorioz.

Hala, Bilboko futbol zelaiko soropila "oso hondatuta" dago, "bere birsorkuntza prozesuan izandako muturreko bero gertakarien eta zelaiaren beraren ingurumen baldintzen ondorioz, diseinua dela eta: aireztapen eta eguzki-erradiazio eskasa, eta kanpoaldearekiko tenperatura igoera".

Berdegunea berritzeko, Ligako geldialdia aprobetxatuko dute, "erregistroen arabera, tenperatura eta hezetasun baldintzengatik kaltegarriagoa den urteko garaia gainditu ondoren".

San Mameseko belarra "egoera ezin hobean egongo da datozen partidetan, hilaren 29an Valentziaren aurkako neurketatik abiatuta.

Astelehen goizean, prestaketa lanak hasi dira, makineria sartuz eta hainbat proba eginez, asteartean lehen orduan belarra aldatzen hasi aurretik, zehaztu du Athleticek: "Lurzorua kendu, konpondu eta nibelatzeko eta zohi berriak instalatzeko prozesua bi astez luzatuko da, eguraldiaren arabera, noski", amaitu du klub zuri-gorriak.