Athletic Club
EA SPORTS LIGA
Athleticek Almeria menderatu du eta Europako postuetan doa geldialdira (3-0)
I. G. | EITB Media
Guruzeta, Dani Garcia eta Sancet arduratu dira golak sartzeaz, 'lehoiak' jaun eta jabe izan diren partidan.
-
Athleticeko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 3-0 irabazi dio ostiral honetan Almeriari San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako bederatzigarren jardunaldiko lehen partidan. Guruzeta, Dani Garcia eta Sancet arduratu dira golak sartzeaz, 'lehoiak' jaun eta jabe izan diren partidan, eta Europako postuetan doaz geldialdira.
Athleticek, Sancet hasierako hamaikakoan zela berriz, presioa egin du goian hasieratik, eta berea izan da jokoaren ekimena eta kontrola. Almeriak, bestalde, jarrera defentsiboagoa hartu du, euskal taldeak eskainiko zienaren zain.
Valverdek azkar xahutu behar izan du lehen aldaketa; izan ere, bost minutura Yeray modu txarrean erori da Konerekin talka egin ostean, eta zelaia utzi behar izan du minez. Paredesek ordezkatu du.
Hala ere, poza San Mamesera itzuli da ia jarraian Guruzetaren golarekin. Etxekoek baloia lapurtu dute kanpotarren defentsaren irteera txar batean, Nico Williamsek hegalean hartu du eta Guruzetari eman dio baloia sarera bultzatzeko (1-0).
Golaren ostean Athletic izan da nagusi zelaian. Almeriari erritmoa falta zitzaion eta 'lehoiek' aurkariaren arean arriskua sortzeko aprobetxatu dute. Herrerak baloia orraztu du korner batean, taldekide bati emateko asmoz, eta ia golean bukatu da, baina zutoinarekin egin du topo.
Athleticek erasoan jarraitu du etengabe Almeriaren aurka eta alde handiagoarekin joan ahal izan da atsedenaldira. Herrerak beste aukera bat izan du De Marcosek utzi dion baloi batean, baina jaurtiketa gora bota du. Sancet ere gola aurkitzeko zorian egon da banakako jokaldi on baten ondoren, baina bere jaurtiketa zutoina urratuz kanpora joan da. Yurik izan du bilbotarren azkena, baina Maximianok ondo atera ditu ukabilak gelditzeko.
Almeria sustoa emateko zorian egon da bigarren zatiaren hasieran, baina talde andaluziarra ez da fin ibili aurrealdean. Iñaki Williamsek eskuinkada batekin erantzun du defentsaren beste galera bat aprobetxatuz, baina gora bota du.
Bilboko taldeak beste hamaika aukera izan ditu eta azkenean Dani Garciak aurkitu du saria, bere lehen gola Athleticekin. De Marcosek eskuinetik erdiratu du bigarren zutoinean aurkitzeko eta, bakarrik, nahi bezala errematatu du (2-0).
Athleticek gehiago nahi zuen eta Sancet izan da hirugarrena sartu duena. Nico Williamsek bere defendatzailea atzean utzi eta golera jaurti du. Maximianok ondo atera du hanka, baina Sancetek aldaratzea hartu eta ez du barkatu (3-0).
Williams anaiek euren golaren bila jarraitu dute, baina oraingoan ez zaie tokatu eta Athletic Europako postuetan doa geldialdira.
Fitxa teknikoa
3 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray (Paredes, 8. min), Yuri; Dani Garcia (Unai Gomez, 82. min), Herrera (Prados, 75. min); Iñaki Williams, Sancet (Muniain, 82. min), Nico Williams; eta Guruzeta (Villalibre, 75. min).
0 - Almería: Maximiano; Mendes (Pozo, 68. min), Kaiky, Chumi, Akieme; Embarba, Baba (Arnau Puigmal, 82. min), Lopy, Ramazani (Lazaro, 76. min); Melero (Arribas, 68. min) eta Kone (Marciano, 68. min).
Golak: 1-0, 10. min: Guruzeta. 2-0, 63. min: Dani Garcia. 3-0, 81. min: Sancet.