Itxi

Athletic Club

Partida bateko zigorra

Sancetek ez du Realaren aurkako derbia jokatuko, Lehiaketa Batzordeak Athleticen alegazioak gaitzetsi baititu

EITB Media

Oihan Sancetek txartel gorria ikusi zuen Getaferen kontra jokatutako EA Sports Ligako 7. Jardunaldiko partidan. Klubak alegazioak aurkeztu zituen, baina Lehiaketa Batzordeak ez ditu onartu. Ondorioz, jokalari zuri-gorriak ezingo du Reale Arenan jokatu.

  • Oihan Sancet

    Oihan Sancetek txartel gorria ikusi zuen Diego Ricori egindako sarrera honexegatik. Argazkia: EFE

Oihan Sancetek ezingo du jokatu Realaren aurkako EA Sports Ligako 8. jardunaldiko partida, Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordeak Athleticen alegazioak gaitzetsi ostean.

Talde zuri-gorriko erdilariak txartel gorria ikusi zuen Ligako 7. jardunaldiko Getaferen aurkako lehiako 46. minutuan.  Nafarroakoak hanka gehiegi altxatu zuen, eta Diego Ricori aurpegian ostikoa eman ez zion arren, egotzia izan zen.

Epaileak norgehiagokako aktan jarri zuen Oihan Sancetek hanka gehiegi alta eta ostikoa eman ziola aurpegian Getafeko jokalari bati. Irudiek, ordea, erakutsi zuten Nafarroako futbolariaren hankak ez zuela talka egin aurkariaren aurpegiarekin. Hortaz, Athleticek alegazioak aurkeztu zituen, argudiatuta epaileak aktan jarritako ez zetorrela bat irudiek erakusten zutenarekin.

Dena den, Lehiaketa Batzordeak ez ditu onartu Bilboko klubak aurkeztutako alegazioak, eta Oihan Sancetek neurketa bateko zigorra bete beharko du.

Partida bateko zigorra Bordalasi

Athleticen eta Getaferen arteko irailaren 27ko lehian Jose Bordalas Madrilgo taldeko entrenatzailea ere egotzia izan zen luzapenean txartel gorria ikusi ostean.

Iskanbila handia sortu zen Getaferen aulki inguruan, Bordalasek txartel gorria ikusi zuen, eta, ondorioz, Lehiaketa Batzordeak norgehiagoka bateko zigorra ezarri dio.