Athletic Club
Lesioa
Galarretak ezingo du Getaferen eta Realaren kontra jokatu, giharretako lesio "moderatua" duelako
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Horrez gain, litekeena da urriaren 6an Almeriaren kontrako partidan ere baja izatea. Beraz, selekzioen neurketak direla eta egingo den geldialdia amaitu arte ez dela itzuliko dirudi.
-
Iñigo Ruiz de Galarretaren artxiboko argazkia
Iñigo Ruiz de Galarreta Athleticeko jokalariak lesio "moderatua" du ezker hankako soleoan, klubak astearte honetan argitaratutako oharraren arabera. Alavesen aurka Mendizorrotzan jokatutako euskal derbian zelaia utzi behar izan zuen, arazo fisikoak zirela medio.
Taldeak ez du oharrean errekuperazio-eperik zehaztu, baina aste honetako ligako bi partidak galduko dituela ziurra da: asteazkenean Getaferen kontra San Mamesen, eta larunbatean, Realaren aurkako derbia.
Era berean, urriaren 6an Bilboko taldeak Almeriaren aurrean duen neurketarako ere ez dela prest egongo dirudi. Beraz, selekzioen hitzorduak direla eta datorren geldialdia amaitu arte ez dela itzuliko dirudi. Athleticek urriaren 22an jokatuko du ligako hurrengo norgehiagoka, Bartzelonaren aurka, Lluis Companys zelaian.
Orobat, Galarretak ez ezik, Peru Nolaskoainek ere ezin izango du asteazkenean Getaferen aurkako lehian zelairatu. Izan ere, jokalari gipuzkoarra oraindik osatzen ari da abuztuaren 18an entrenatzen ari zela eskuin belauneko lotailuan egin zuen bihurdura.
Bestetik, Nico Williams prest egongo den ala ez argitzeke dago, Espainia-Chipre partidan egin zuen giharretako lesio "arin-modatua" dela eta ez baitu azken bi neurketetan parte hartu. Astelehenean taldearekin lan egin zuen, eta aukerak izango lituzke asteazkeneko deialdian sartzeko.