Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek markagailua irauli eta gol zaparrada sartu dio Betisi (4-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Lehoiei aurka jarri zaie partida hasierako 0-2koarekin, baina markagailuari buelta ematea lortu dute Vesgak penaltiz sartutako bi golekin eta Guruzetaren eta Unai Gomezen gol banarekin.

  • Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen

    Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek buelta eman dio Betisen aurkako partidari San Mamesen, zoratzekoa izan den lehen zatiaren ondoren. Willian Josek eta Isco Alarconek gol bana egin dute, baina etxekoek Mikel Vesgak bi penalti gauzatuta eta Gorka Guruzetak hirugarrena eginda irauli dute markagailua. Bigarren zati lasaiagoan, Unai Gomez gazteak 4-2koa itxi du.

Athletic - Betis partidako laburpena

Betisek eman du lehen kolpea, eta baita bigarrena ere, 2. eta 10. minutuetan. Lehenengoan, Marc Rocaren paseak Ayoze eta Willian Joseren arteko jokaldia ekarri du, eta brasildarrak 0-1ekoa jarri du markagailuan.

Bigarrenean, Aitor Ruibalek pasea eman dio Iscori, eta Malagakoaren erremate gurutzatua eskuadratik sartu da (0-2).

Athletic ez da kikildu, eta hiru minutu geroago Vivianen burukada batek langa jo du.

Nico eta Imanolen jaurtiketa banak eta Iñakiren gol batek, jokoz kanpo, izan dira bilbotarren hurrengo aukerak.

Bi falta ia jarraian, Rui Silvak eta Guido Rodriguezek egindakoak, Athleticen aldeko bi penalti ekarri dituzte. Vesgak hamaika metroko puntutik gauzatu ditu biak (2-2).

Indarra geratzen zitzaion oraindik Athletici lehen zatiko deskontu luzerako. Lehoiek gogotsu jarraitu dute, eta Williamsen erdiraketa indartsua Guruzetak sarera errematatu du, Athletic aurretik jartzeko (3-2).

Lehen zatiko eromenaren ondoren, aldageletatik bueltan gauzak ez dira berdinak izan.

Iscok ezin izan du baloi luze bat jaitsi Simonen aurrean, eta Williamsen erdiraketa bat Guruzetak buruz erramatatu du. Ez batak ez besteak, baina, ez dute markagailua mugitu.

Ia aldaketa guztiak egin ondoren, Unai Gomez gaztea zelairatu da etxekoen laugarren gola sartzeko, atezainak Villalibreren jaurtiketa gelditu ostean, aldaratzea jasota (4-2).

Fitxa teknikoa

4 - Athletic: Unai Simon; Lekue, Vivian, Paredes, Imanol (Yuri, 66. min); Vesga, Galarreta (Dani Garcia, 86. min); Iñaki Williams, Muniain (Unai Gomez, 66. min), Nico Williams (Villalibre, 75. min); eta Guruzeta (Berenguer, 66. min).

2 - Betis: Rui Silva; Sabaly, Pezzella, Luiz Felipe, Abner Vinicius (Miranda, 57. min); Guido Rodriguez (Paul, 65. min), Marc Roca (Guardado, 74. min); Aitor Ruibal (Rodri, 57. min), Isco, Ayoze; eta Willian Jose (Borja Iglesias, 74. min).

Golak: 0-1, 2. min: Willian Jose. 0-2, 10. min: Isco. 1-2, 30. min: Vesga, penaltiz. 2-2, 46. min: Vesga, penaltiz. 3-2, 52. min: Guruzeta. 4-2, 84. min: Unai Gomez.

Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horia atera die Paredes, Galarreta, Vesga, Berenguer, Guido Rodriguez eta Abner Vinicius jokalariei.