Athletic Club
Txostena
Athleticek iragarri du 6 milioi euroko gehikuntza izan duela diru-sarreretan 2023ko lehen seihilekoan
EITB Media
Jon Uriarte presidentea buru duen zuzendaritza batzordeak argitaratutako txostenean klubak 2023 urteko lehen sei hilabeteetan merkataritza kontzeptuengatik izandako diru-sartzeak zehaztzu ditu.
-
Jon Uriarte, Athleticeko presidentea. Argazkia. EITB Media
Athleticek 2023ko lehen seihilekoan sei milioi euroko gehikuntza izan duela "merkataritza kontzeptuengatik" jakinarazi du klubak asteazken honetan, uztailaren 12an, bere webgunean argitaratutako oharrean.
Jon Uriarte presidentea buru duen zuzendaritza batzordeak txostena argitaratu du diru-sartzeen gehikuntza azaltzeko, eta argitu du sei milioi horietatik hiru baino gehiago San Mamesen egindako ekitaldiek, Museoak eta 'VIP Area'k eraginak izan direla.
Bestalde, milioi bat baino gehiago babesleetatik eratorritakoak direla argitzen da. Gainera, klubak 1,1 milioi jaso ditu sarreren salmentagatik, eta beste 1,2 milioi gehiago txikizkako salmentagatik.
Horrez gain, diru-sarreren zati bat "AC Footbal Advisory, AC Coaches Experience, AC Campus INSIDE, AC Campus Plentzia, AC Campus Goizez eta Arratsaldez, ACFC Jardunaldiak eta AC Cupen lehen edizioak" eragin dutela zehaztu du klubak "AC Aurrera 2023-2026 Ekintza Planaren" lehen seihilekoaren txostenean.
Halaber, klubak azpimarratu du San Mamesera partidak ikusten joaten den zaleen kopurua % 7 igo dela, 2022an onartutako estatutu berrietan proposatutako 50 betekizunetik 17 ezarri direla, eta klubaren 125. urteurrena ospatzeko 18 ekitaldi egin direla.
Azkenik, jakinarazten da 32 jokalari berri iritsi direla Lezamara (26 harrobiko behe-mailetako taldeetara, 5 gizonezkoen bigarren eta hirugarren taldeetara eta bat emakumeen bigarren taldera), akordioak sinatu direla Bizkaitik kanpoko bost klubekin eta emakumeen taldeetan hiru babesle berri daudela.