Itxi

Athletic Club

AGURRA

Balenziagak omenaldia jaso zuen, San Mameseko azken partidaren ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zumarragako atzelariak denboraldi amaieran esango dio agur Athletici, zuri-gorri gisa 12 denboraldi egin ostean.

  • Mikel Balenziaga San Mameseko zaleei agur esaten

    Mikel Balenziaga San Mameseko zaleei agur esaten. Argazkia: EFE

Denboraldi honen bukaeran, Mikel Balenziagak amaiera emango dio Athleticen jokatutako 12 urteko etapari. Hala, Zumarragako atzelariak omenaldia jaso zuen atzo, talde zuri-gorriak Elxen aurka jokatu zuen partidaren amaieran (0-1).

Aipatu partida amaitu eta minutu batzuetara, Athleticeko taldekideek eta teknikariek pasillo bat egin zuten, eta Balenziagak, semearekin batera, elastiko zuri-gorria jaso zuen, Iker Muniain kapitainaren eskutik.

Jarraian, ezker hegalekoak zelaiari buelta eman zion harmailetara txaloak zuzentzen, eta animazio harmailaren parean gelditu zen minutu batzuetan. Bertan, pankarta handi bat zabaldu zen bere irudiarekin eta 'Eskerrik asko' esaldiarekin.

Balenziagak duela aste batzuk iragarri zuen Athleticen jokatzeari utziko ziola denboraldi honen amaieran, 12 denboraldiren ostean, talde zuri-gorriarekin 321 partida jokatu ondoren, ligako azken partidaren faltan.