Athletic Club
KONTRATU AMAIERA
Alex Pallaresek Bilbao Athleticeko entrenatzaile izateari utziko dio denboraldi amaieran
EITB MEDIA
Bilboko taldeak maila galdu ostean, klubak iragarri du ez duela berrituko bigarren taldeko teknikariaren kontratua.
-
Alex Pallarés. Argazkia: Athletic Club
Athletic Clubek astelehen honetan jakinarazi du Alex Pallares entrenatzailearen kontratua ez berritzea erabaki duela. Horrela, teknikari katalanak larunbat honetan zuzenduko du bere azken partida, Lezaman, Amorebietaren aurka.
Pallares azaroaren amaieran iritsi zen Bilbora, kargugabetutako Bingen Arostegiren tokia betetzeko, Bilbao Athleticen ibilbidea zuzendu eta taldea jaitsiera postuetatik ateratzeko asmoz. Alabaina, helburu hori ez da bete, talde zuri-gorria RFEFko 2. mailara jaitsi baitzen apirilaren amaieran.
Ibaiganeko klubak argitaratutako oharrean jakinarazi duenez, maiatzaren 30ean, Mikel Gonzalez Athleticeko futbol zuzendariak eta Sergio Navarro Lezamako zuzendariak agerraldia egingo dute, Athleticen harrobiko taldeek egindako denboraldiaren nondik norakoak aztertzeko, eta Bilbao Athleticekin lotutako gaiak ere jorratuko dituztela esan dute aipatu oharrean.
Pallaresen adierazpenak
Pallaresek, bere aldetik, larunbatean CD Eldenseren aurka egindako adierazpenak zehazteko eskatu du.
Athleticek berak argitaratutako informazioaren arabera, Pallaresek bazeukan klubaren erabakiaren berri, eta larunbatean Eldenseren aurka egindako adierazpenak argitu nahi izan ditu:
"Joan den larunbatean CD Eldenseren aurka jokatutako partidaren ostean egindako adierazpenei buruzko azalpen bat eman nahi nuke; izan ere, zenbait hedabidek Klubari egindako kritika gisa interpretatu dute, eta hori ez zen nire asmoa. Transmititzen saiatu nintzena zera da, filial batean hain talde gaztea duzunean, kategoriak gainditzen zaituenean eta hor, jakina, nire erantzukizuna hartzen dudanean, bi bide posible dituzula.
Bata, taldeari eusten dioten baina bilakaera-proiekziorik ez duten profil beteranoagoak fitxatzea da. Hau da, salbazioa lehenetsi eta emaitzetan zentratu eta, nahiz eta mutilen garapen indibidualaren aurka joan, taldeari eusten dioten profil beteranoagoak fitxatzea.
Edo, beste alde batetik, talde horrekin lanean jarraitzeko aukera, balizko jaitsieraren ondorioa gure gain hartuz. Azaldu nahi izan nuen erabaki hori hartzea ez zegokidala niri, Klubaren erabakia dela. Kirol zuzendaritzak eta Lezamako zuzendaritzak bigarren aukera hautatu zuten, denboraldi hasierako eredua mantentzea eta horrek jaitsiera ekar zezakeen ondorioa bere gain hartzea. Jakina, nik oso ondo ezagutzen nuen erabaki hori, eta erabat onartu nuen lan hori, eta uste dut ahalik eta gehien eman dudala horretan".
"Hala eta guztiz ere, horrek guztiak ez du esan nahi, logikoki, guztiok nahi genituen emaitzak lortu ez izanaren erantzukizuna neure gain hartzen ez dudanik".
Argitaratutako oharra amaitzeko, Athleticek eskerrak eman dizkio Pallaresi, "gure erakundean izan duen dedikazio eta ahalegin guztiagatik", eta onena opa dio bere "etorkizun pertsonal eta profesionalean".