Itxi

Athletic Club

Partida, ostegunean

Yerayk oso zail du Betisen aurka jokatzea, pubalgia baten ondorioz

Agentziak | EITB Media

Yeray eta Iñigo min hartuta, litekeena da Valverdek Dani Vivian eta Aitor Paredes harrobiko jokalariak jartzea defentsan osteguneko partidan.

  • Yeray, Realaren aurkako derbian

    Yeray, Realaren aurkako derbian. Argazkia: Efe.

Yeray Alvarez Athleticeko zentralak "pubalgia" du, eta, horren ondorioz, ezin du bere taldekideekin batera entrenatu. Jokalariak oso zail du ostegunean zuri-gorriek San Mamesen Betisen aurka jokatuko duten partidan egotea.

Athleticek kaleratutako txosten medikoaren arabera, Yerayk "tratamendua eta berregokitze prozesu bat abiatu ditu azkenaldian sufritzen ari den pubalgia sendatzeko asmoz". Ondorioz, "taldetik aparte" entrenatzen ari da.

Barakaldoko jokalariaren baja ia ziurra da, eta horrek gauzak asko zailduko dizkio Ernesto Valverde entrenatzaileari, Iñigo Martinez atzelaria ere min hartuta dagoelako.

Yeray eta Iñigo barik, litekeena da Valverdek Dani Vivian eta Aitor Paredes harrobiko jokalariak jartzea defentsako erdigunean. Vivian hainbat alditan erabili du Valverdek denboraldi honetan, eta Paredes ere zelairatu du behar izan duenean.

Muniainen baja

Baja horiez gain, Iker Muniainek ere ez du, ziurrenik, San Mamesen zelairatzerik izango. Kapitaina bajan egon da azken partidetan, lesio muskular baten ondorioz, eta oso zalantzazkoa da ostegunerako prest egotea.

Jokalari guztien egoera asteazken arratsaldean argituko da, 18:00etan, azken entrenamenduaren ostean.