Itxi

Athletic Club

Lezaman galdu ostean

Bilbao Athletic Bigarren RFEF mailara jaitsi da

Agentziak | EITB MEDIA

Liga amaitu arte beste 12 puntu jokatuko diren arren, zuri-gorrien bigarren taldeak ezinezkoa du mailari eusteko aukera ematen duten postuetara iristea.

  • Bilbao Athleticek 0 eta 2 galdu du Castellonekin Lezaman

    Bilbao Athleticek 0 eta 2 galdu du Castellonekin Lezaman. Argazkia: @AthleticClub

Bilbao Athleticek Bigarren RFEF mailan jokatuko du datorren denboraldian, igande honetan Lezaman CD Castellon taldearen aurka 0 eta 2 galdu ostean.

Liga bukatzeko 12 puntu, lau partida, falta diren arren, zuri-gorrien bigarren taldeak ezinezkoa du mailari eusteko aukera ematen duten postuetara iristea.

Intercity taldearen 15. postua 14 puntura dute, eta Intercity da, hain zuzen, mailari eutsiko liokeen lehen taldea, 34. jardunaldia nola bukatzen den ikusi arte.

Bilbao Athleticek 25 puntu lortu ditu bakarrik azken 34 partidetan, eta, ondorioz, ez die zertan itxaron behar Intercity eta La Nucia taldeen emaitzei. Garaipena lortu izan balute, bi emaitza horiek erabakigarriak ziren taldeak mailari eusteko aukerak zituen ala ez argitzeko.

Baina bizkaitarrek etxean galdu dutenez, ez dute zereginik. Sailkapeneko azken postuan dira, azken aurrekoa lau puntura dute, eta denboraldi ia osoa eman dute sailkapeneko zulo beltzean. Lehen 11 jardunaldietan Bingen Arostegi izan zen Bilbao Athleticeko entrenatzailea, eta ordutik hona Alex Pallaresen zuzendu ditu bigarren taldeko jokalariak.

Arostegirekin, taldeak 12 puntu lortu zituen 12 partidetan, eta Pallaresekin, 13 lortu dituzte 22 partidetan.