Athletic Club
IRAINAK
Athletic eta Nico Williams, irmo jokalariak jasotako kritiken aurrean: "Denak ez du balio"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ohar bat argitaratu dute elkarrekin, aurrelari zuri-gorriari zuzendutako "irain eta errespetu faltak" errefusatzeko.
-
Nico Williams, Osasunaren aurkako partidako jokaldi batean.Argazkia: EFE
Athletic Clubek eta Nico Williams jokalariak, bi aldeek "adostutako" komunikatu batean gogorarazi dutenez, "denak ez du balio" jokalariei egindako kritiketan, astearte honetakoa bezalako partiden ostean. Izan ere, Osasunaren aurkako neurketak (1-1) Kopako finalik gabe utzi zuen Bilboko taldea, eta lehian zehar Williams anaietako gazteenak bi aukera garbi huts egin zituen, markagailuan 1-0ekoa zegoela. Sartu izan balitu, joaneko partidako 1-0ekoari buelta emateko aukera izango zuketen zuri-gorriek, baina ez zen hala gertatu.
Aipatu abagune horiek baliatu ez, eta horren ostean jasotako kritiken eraginez, Nico Williamsek sare sozialetako bere profilak itxi ditu.
Klubak plazaratuta oharrak horrela dio: "Nico Williamsen profil sozialak ixteak sortu duen zalapartaren aurrean, berarekin adostuta adierazi nahi dugu, Kopatik kaleratuta izatearen eta erabiltzaile batzuek sare sozial horietan irain eta errespetu falta gisa egindako presioak eragin zuten kolpe gogorraren ondoren, Nicok bere profil ofizialak desaktibatzea erabaki zuela".
Bestalde, oharrean gaineratzen da Nicok "eskerrak eman" nahi dizkiela atzo San Mamesen txalo zaparrada batekin babesa eman zioten zaleei, eta gaur "maitasuna helarazten ari zaizkion guztiei".
Komunikatuaren azken aldera Athleticek eta Williamsek eskatzen dute "denon artean indarra egiteko" sare sozialetan horrelako jarrerak desagerrarazteko, eta nabarmendu dute kritikatzeko garaian dena ez dela zilegi.
LaLigaren babesa
LaLigak ere publikoki adierazi dio babesa Nico Williamsi, Twitterreko bere kontuan plazaratutako mezu baten bitartez:
"LaLigak babesa ematen dio Nico Williams Athleticeko jokalariari, eta edozein irain eta errespetu falta gaitzesten du", adierazi du klubak barne hartzen dituen erakundeak.
"Zale zuri-gorrien baldintzarik gabeko babesa ez dadila zikinduta gera ezeren zale ez direnen jokabide txarrarengatik. Ligak eta klubek lanean jarraituko dute jokabide horiek desagerrarazteko", gaineratu du ohar horretan.
LaLiga muestra su apoyo al jugador del @AthleticClub, Nico Williams y condena cualquier insulto y falta de respeto.
— LaLiga Corporativo (@LaLigaCorp) April 5, 2023
Que el apoyo incondicional de la afición rojiblanca no quede manchado por el mal proceder de los que no son aficionados de nada.
LaLiga y los clubes seguirán… https://t.co/vTcRlthCZD