Athletic Club
Santander Liga
Athleticek berdindu egin du Getaferekin San Mamesen (0-0)
EITB Mdia
Zuri-gorrien eta Madrilgo taldearen arteko Santander Ligako neurketa golik gabeko berdinketarekin amaitu da. Athleticek eduki ditu gola sartzeko abaguneak, baina ez da gai izan aurkariaren atea zulatzeko.
-
Muniain (Athletic), baloiarekinalboan Maksimovic (Getafe) duela. Argazkia: EFE
Athleticek berdindu egin du Getaferekin, golik gabe (0-0), larunbatean, apirilaren 1ean, San Mamesen jokatutako Santander Ligako 27. jardunaldiko partida. Beraz, puntu bana eraman du talde bakoitzak. Neurketaren amaieran Oihan Sancetek jakinarzi du Athleticekin kontratua berritu duela 2032ra arte.
Athletic - Getafe partidako laburpena
Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak atsedena eman die hasierako hamaikaoan ohikoak diren Iñigo Martinez, Vesga, Sancet eta Nico Williams jokalariei astearteko Errege Kopako Osasunaren aurkako itzuliko neurketari begira. Hala ere, ondo ekin dio lehiari talde zuri-gorriak. Hainbat korner behartu ditu lehen minutuetan, eta halako baten, 15. minutuan, gola sartzeko aukera argia izan du; Yuriren errematea, ordea, David Soriak desbideratu du, eta jarraian Guruzetak egindako jaurtiketari ere erantzun bikaina eman dio Getafe taldeko atezainak.
Madrilgo taldearen erantzuna minutu batzuk geroago iritsi da Alderetek buruz egindako errematearekin, baina Julen Agirrezabala atezainak saihestu du gola, erantzun bikaina emanda. Ondoren, Athleticek erasora jo du, nahiz eta ezin izan duen abagune argirik sortu. Atsedenaldira iritsi aurretik Maksimovicen errematea kanpora joan da, gutxigatik.
Bigarren zatiaren hasieran bi taldeetako bat ere ez da egin baloiaren jabe. Talde bisitaria gola sartzen saiatu da Mayoralen eta Munirren bidez, baina alferrik. Athleticek ere azkar erantzun du; Berenguerren eta Zarragaren saiakerek, aldiz, ez dute arrakastarik izan. Ondoren, Valverdek aldaketa hirukoitza egin du; Vesga, Sancet eta Nico zelairatu ditu.
Aldaketek Athleticek erasokorrago jokatzea eragin dute. Azken txanpan, Athleticek gertu izan du gola, nahiz eta ezin izan duen aurkariaren atea zulatu. Abagune argiena Yerayk izan du, baina talde zuri-gorriko erdiko defentsak txilenaz egindako errematea kanpora joan da. Bestalde, Getafek azken aukera bat izan du, baina Domingos Duartek ez du lortu Julen Agirrezabalak babestutako atea zulatzea.
Norgehiagoka berdinduta amaitu da (0-0), eta epaileak bukaera adierazi ostean Oihan Sancetek mikrofonoa hartu, eta iragarri du kontratua berritu duela 2032ra arte.
Fitxa teknikoa:
0 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos (Capa, 82. min), Vivian, Yeray, Yuri; Dani Garcia (Vesga, 59. min), Zarraga (Sancet, 59. min); Iñaki Williams, Muniain, Bernguer (Nico Williams, 59. min); eta Guruzeta (Raul Garcia, 69. min).
0 - Getafe: Soria; Damian (Portu, 72. min), Djene, Duarte, Alderete, Juan Iglesias; Maksimovic (Algobia, 72. min), Milla (Gonzalo Villar, 85. min); Munir (Aleña, 72. min), Borja Mayoral eta Enes Ünal (Latasa, 82. min).
Epailea: Javier Iglesias Villanueva. Ez du txartel horirik atera.