Itxi

Athletic Club

Omenaldia

1983ko Liga irabazi zuen Athletic taldea apirilaren 20an omenduko dute, garaipenaren 40. urteurrenean

EITB MEDIA

Euskalduna Jauregian egingo dute omenaldia, eta asteartean aurkeztu dute. Maiatzaren 1ean izango dira 40 urte Javier Clementek entrenatzen zuen talde hark Las Palmasen irabazi zuenetik eta klubari historiako zazpigarren Liga eman zionetik.

  • 1983ko Athleticeko jokalari ohi batzuk, eta omenaldiaren bultzatzaileak, kartelarekin (EFE).

    1983ko Athleticeko jokalari ohi batzuk, eta omenaldiaren bultzatzaileak, kartelarekin (EFE).

1982-83 denboraldian Liga irabazi zuen Athleticeko taldeak omenaldia jasoko du Bilbon, Euskalduna Jauregian, apirilaren 20an, garaipen historiko haren 40. urteurrena gogoratzea helburu. Maiatzaren 1ean izango dira lau hamarkada Javier Clementek entrenatzen zuen talde hark Las Palmaseko Insular futbol zelaian 1-5 irabazi zuenetik eta klubari historiako zazpigarren Liga eman zionetik; "Txapeldunak 40 urte-40 años de equipo campeón: Leones para la historia" izango du izenburu galak, eta asteartean aurkeztu dute, talde hartako hainbat kide bertan izan direla. El Txistu lagunarteak bultzatu du omenaldia.

Hala, Dani, garai hartako kapitaina, Miguel de Andres, Juanjo Elgezabal, Patxi Salinas eta Patxi Bolaños Athleticeko jokalari ohiak izan dira aurkezpenean, talde hartako ordezkari gisa. Javier Clemente entrenatzailea ere zen egotekoa, baina azkenean, arrazoi pertsonalak tarteko, ez du bertaratzerik izan.

Iñigo Crespo El Txistuko presidenteak azaldu duenez, omenaldiak gogora ekarriko du "garaipen gogoangarri bat"; jokalari horiek "belaunaldi errepikaezina" osatu zuten, Cresporen esanetan, eta garai hartan lortutakoa "transmisio uhalaizan beharko litzateke, Athleticeko futbolarien eta zaleen belaunaldi berriak jakin dezatela zein tamainakoa izan zen zuri-gorriek 1983ko maiatzaren 1ean burututako balentria.

Galari dagokionez, kartela Tomas Ondarra ilustratzaile eta Athleticeko Zuzendaritza Batzako kide ohiak egin du, eta Bizkaiko 21 enpresak babesten dute ekitaldia. Crespok aurreratu du 600-700 lagunek izango dutela aukera Euskaldunan apirilaren 20an; talde hartako jokalari gehienak izango dira bertan, eta Athletic, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia ere gonbidatuko dituzte. Hainbat lagunartetako zenbait kide eta beste zale batzuk ere izango dira, edukiera bete arte; antolatzaileen iritziz, edukiera hori txikiegia izango da, aurreikusten duten eskaria kontuan izanik.

Danik ekimena eskertu du; izan ere, "errepikaezina" den esperientzia ekarriko die gogora. Kapitain ohiaren ustez, "futbola nola jarri den ikusita, Athleticek Liga berriro ez irabazteko aukera % 99koa da".

Las Palmaseko partida hartan, 1982-83 Ligako azken jardunaldian, Javier Clementek honako hamaikako hau zelairatu zuen: Andoni Zubizarreta, Santi Urkiaga, Iñigo Liceranzu, Jose Mari Nuñez, Luis de la Fuente, Miguel Sola, Miguel de Andres, Isma Urtubi, Dani, Manu Sarabia eta Estanis Argote. Partidan zehar, Txema Noriegak eta Julio Salinasek ere jokatu zuten, eta Andoni Cedrun eta Patxi Salinas aulkian izan ziren neurketa osoan. Carlos Melendez, Patxi Bolaños, Agustin Gisasola, Andoni Goikoetxea, Oscar Vivanco, Teo Rastrojo, Juanjo Elgezabal, Txetxu Gallego, Ricardo Arrien eta 2018an zendutako Fernando Tirapu, batzuk zigortuta zeudelako eta beste batzuk Javier Clementek hala erabakita, ez ziren Las Palmaseko deialdian sartu, baina talde horretan zeuden haiek ere. Bi egunen buruan, 1983ko maiatzaren 3an, jokalari horiek guztiak gabarra gainean iritsi ziren Bilbora.