Itxi

Athletic Club

HIRU DENBORALDIZ

Ane Azkonak 2026ra arte jarraituko du Athleticen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Denboraldi honen amaieran bukatzekoa zen bere kontratua; beraz, hiru denboraldiz luzatu du harremana talde zuri-gorriarekin.

  • Ane Azkona

    Ane Azkona. Argazkia: Athletic Club

Athletic Clubek eta Ane Azkona jokalariak akordioa lortu dute 24 urteko aurrelariari ekainean amaitzen zitzaion kontratua beste hiru denboraldiz luzatzeko, 2026ko ekainaren 30era arte, alegia. Azkona 2016-2017ko denboraldian iritsi zen Lezamara, Ardoi taldetik, eta 20 gol sartu ditu zuri-gorriz aritu den 108 partidatan, horietako 10 aurreko denboraldian.

Azkonak hasiera bikaina izan zuen Bilboko taldean, eta lehen urtean bertan debutatu zuen lehen taldearekin; hain zuzen ere, 2016ko azaroaren 5ean, Buñolen Levanteren aurka jokatutako neurketan.

Harrobiko taldean zenbaki bikainak erdietsi zituen: 2017-2018ko denboraldian, 29 gol sartu zituen Ligan eta 8 Euskal Kopan, eta 2019-2020koan behin betiko geratu zen lehen taldean. "Hegaleko jokalari gisa nabarmendu da beti, eta nortasun, abiadura eta gol egiteko gaitasuna erakutsi du Athleticen jokatu duen urteetan zehar", nabarmendu du Athleticek.

Sasoi honetan, meniskoko lesio baten ondorioz, bere parte-hartzeak behera egin du, lesioak bi hilabetez urrundu baitu zelaietatik. Hala ere, azken asteetan osatu egin da, eta dagoeneko 16 neurketa jokatu eta 3 gol sartu ditu; besteak beste, Taxoaren Osasunaren aurka jokatu zen Kopako final-laurdenetako partidan Athletic markagailuan aurretik jarri zuena.

Ane Azkonak mezua bidali dio Athleticeko Zuzendaritza Batzordeari, emakumezkoen sailean eratu nahi duen proiektu sendoa sortzeko duen asmoa eta beragan jarri duten konfiantza eskertzeko: "Talde honen aldeko apustu sendoa egiten duela sentitzen dut, eta kontratua berritzeko bilerak errazak izan dira. Lehen Mailan debuta egitera bultzatu nauen kluba da, eta oso pozik nago hemen beste hiru urtez jarraitu ahal izateagatik".