Itxi

Athletic Club

125. urteurrena

Honey Thaljieh palestinarra, Athleticeko 125. urteurreneko hirugarren enbaxadorea

EITB MEDIA

Palestinako selekzioaren sortzaileetakoa izan zen, eta selekzio horretako kapitaina ere bai. Athleticek "genero berdintasunaren alde eta gerraren aurka egindako borrokagatik" hautatu du. Jon Rahm eta Jokin Altuna izan ziren, hurrenez hurren, urtarrileko eta otsaileko enbaxadoreak.

  • Honey Thaljieh, Athleticeko elastikoa aldean duela. Argazkia: Athletic.

    Honey Thaljieh, Athleticeko elastikoa aldean duela. Argazkia: Athletic.

Honey Thaljieh palestinarra, Palestinako selekzioaren sortzaileetakoa bera, Athleticeko 125. urteurreneko hirugarren enbaxadorea da, Athleticek asteartean jakitera eman duenez. Bilboko klubak "genero berdintasunaren alde eta gerraren aurka egindako borrokagatik" hautatu du Palestinako selekzioaren kapitain ohia; Thaljiehk Jon Rahm golf jokalariaren eta Jokin Altuna pilotariaren lekukoa hartu du, horrenbestez, Athleticeko enbaxadore gisa; Rahm urtarrilekoa izan zen, Altuna otsailekoa, eta Thaljieh martxokoa, hurrenez hurren.

Betleemen jaio zen Honey Thaljieh, 1984an. Asteburuan Bilbon izango da, eta, igandean, F Ligako Athletic-Valentzia partida ikusiko du, Lezaman (12:00etan), eta, gauean, 21:00etan, Santander Ligako Athletic-Bartzelona partidan egongo da, San Mamesen (21:00etan).

Bilboko taldearen iritziz, enbaxadore berriak "ezin hobeto irudikatzen du bere bizitzan Athleticek partekatzen dituen baloreak gorpuzten dituen beste enbaxadore profil hori", alegia, "sehaskako athleticzaleak izan ez arren, futbolaren munduan bakarra den gure nortasunarekiko sinpatia erakutsi duten eta klubarentzat pizgarri izan diren" pertsonetako bat da. Hori dena, "genero berdintasunaren alde eta gerraren aurka egindako borrokari esker".

Gaur egun, futbolari ohia Palestinako Gazteria eta Kirol Kontseilu Nagusiko kide da, eta FIFAko Communications Manager (Special Projects) da: "Bertan, genero berdintasunaren, hezkuntzaren eta bakearen aldeko ekimenak lantzen ditu, futbolaren bidez", azaldu du Athleticek.

Klubak gogora ekarri duenez, "Tahljiehren eta Athleticen arteko harremana 2015ean hasi zen"; izan ere, Athleticeko Fundazioak antolatzen duen Thinking Football Film Festival Jaialdiko gonbidatuetako bat izan zen palestinarra; Eric Cantonak aurkeztutako eta Gilles Perez eta Gilles Rof zuzendariek zuzendutako "Les rebelles du foot 2" pelikulako kapitulu bateko protagonista da bera: "Honey Thaljieh errebelde horietako bat da, eta gaurtik aurrera, Athleticeko 125. urteurreneko lehen emakume enbaxadorea ere" esan du Bizkaiko klubak.