Itxi

Athletic Club

Erretiroa

Fernando Llorentek erretiroa hartu du, 37 urte dituela

EITB MEDIA

Athleticeko lehen taldean 2005etik 2013ra ibili zen, eta Eibarren 2021-22 denboraldian. Espainiako selekzioarekin munduko eta Europako txapelduna izan da, eta, horrez gain, Italiako Liga eta Kopa et Europa Liga irabazi ditu.

  • Llorentek 118 gol sartu zituen Athleticen. Argazkia: EFE.

    Llorentek 118 gol sartu zituen Athleticen. Argazkia: EFE.

Fernando Llorentek erretiroa hartu du, futbolari gisa, jokalariak berak baieztatu duenez. Aurrelariak 37 urte ditu (hilaren 26an egingo ditu 38), eta talderik gabe izan da azken hilabeteetan, 2022ko udaratik, hain zuzen.

"Ez, ez. Argi dut", erantzun zion Llorentek, Movistar Plusen, kazetari bati, Paris Saint-Germain eta Bayern Munich taldeen arteko Txapeldunen Ligako partidaren atarikoan, galdetu ziotenean aukerarik ote zegoen berriro ere zelaietara bueltatzeko. "Padelean jolastuz eusten diot sasoi onean egoteari", gehitu zuen.

Llorente Athleticen hazi zen. 2004-05 denboraldian, Ernesto Valverderen eskutik, lehen taldera iritsi eta Lehen Mailan egin zuen debuta. 2012-13 denboraldiaren amaierara arte ibili zen Athleticen; guztira, 333 partida ofizial jokatu zituen, eta 118 gol sartu. Talde zuri-gorriarekin, Europako Ligako finala jokatu zuen, 2012an, eta Kopako beste bi, 2009an eta 2012an.

Gerora, talde hauetan ibili da Llorente: Juventus (2013tik 2015era bitartean), Sevilla (2015-2016), Swansea City (2016tik 2017ra), Tottenham (2017-2019), Napoli (2019-2020), Udinese (2020tik 2021era arte) eta Eibarren 2021-22 denboraldian.

Euskal Selekzioarekin bost partida jokatu zituen, eta 24 Espainiako selekzioarekin. Bere ibilbidean, titulu hauek lortu ditu: 2010eko Munduko Txapelketa, eta 2012ko Eurokopa, selekzioetako txapelketetan; eta, klubetako txapelketetan, Italiako hiru Liga eta bi Kopa, eta Europako Liga bat. Txapeldunen Ligako txapeldunordea ere izan da.