Itxi

Athletic Club

Realean hezita

Urratuko luke Griezmannen fitxaketak Athleticen filosofia?

Erredakzioa

Frantziarra ez litzateke Euskal Herritik kanpo jaiotako lehen jokalari zuri-gorria izango. David Lopez errioxarra da, Valverde Caceresen jaio zen eta Fernando Amorebieta Venezuelan.

  • Antoine Griezmannen artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    Antoine Griezmannen artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Athleticek Antoine Griezmann Realeko jokalaria fitxatu nahi du, egunotan hainbat hedabidek argitaratu dutenaren arabera. Aurrelaria Maconen (Frantzia) jaio zen, Suitzatik gertu, Borgoina probintziako hirian. Realarekin 2015. urtera arte dauka kontratua eta bere etete klausula 30 milioi eurokoa da.

Griezmannen fitxaketak egingo luke bat talde zuri-gorriaren filosofiarekin? Jose Mari Amorrortu Athleticeko kirol zuzendariak baietz uste du, Griezmann Realean hezitako jokalaria baita.

Ez litzateke, gainera, lehen kasua izango. Ernesto Valverde Caceresen jaio zen, baina txikitan Gasteizera aldatu zen eta futbolean hemen ikasi zuen Txingurrik. Patxi Ferreira Salamancakoa da, David Lopez errioxarra eta Fernando Amorebieta Caracasen (Venezuela) jaioa. Griezmann izango ote da zerrenda horretako hurrengoa?

Athletic garai berrietara egokitu da, eta Euskaditik kanpo jaio diren gazte ugari daude Lezaman. Bertan hazten ari dira.

Aperribayren adierazpenak

"Athleticek Griezmann nahi duela? Bada, ez dut telefonoa hartzeko asmorik", adierazi du Realeko presidenteak TeleDonostin. "Ez dugu ez Bilbora ez beste inora joaterik nahi. Athleticekin harreman ona dugu eta gauza askotan bat gatoz, baina Antoineri buruz ez dago zer hitz egin", gaineratu du.