Itxi

Athletic Club

10:00etan, Lezaman

Athleticek uztailaren 2an hasiko du denboraldiaurrea

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 2012-2013 denboraldian duen lehen partida ofiziala abuztuaren 2an jokatuko du. Europa Leaguera sailkatzeko hirugarren kanporaketako norgehiagoka jokatu beharko dute egun horretan.

  • Bielsak uztailaren 2ko goizeko 10:00etarako deitu ditu lehen taldeko jokalariak. Argazkia: EFE

Athleticek datorren uztailaren 2an ekingo dio denboraldiaurreari Lezaman. Goizeko 10:00etan daude deituta lehen taldeko jokalariak. 2012-2013. denboraldia prestatzeko data astearte honetan jakinarazi du Athleticek bere webgunean.

Llorentek eta Javi Martinezek, uztailaren 1ean bukatzen den Eurokopa jokatuko dute eta beranduago hasiko dute denboraldiaurrea. Luis Millak Olinpiar Jokoetarako deitzen dituen jokalariak ere ez dira Bielsaren aginduetara egongo uztailean zehar. Iker Muniain, Ander Herrera, Ander Iturraspe, Oscar de Marcos eta Mikel San Jose jokalariek Olinpiar Jokoetara joateko aukerak dituzte.

Talde zuri-gorriak jokatuko duen lehen partida ofiziala abuztuaren 2an izango da. Egun horretan Europa Leaguera sailkatzeko atariko kanporaketako joaneko partida jokatuko du Athleticek. Itzulerako norgehiagoka, abuztuaren 9an izango da.

Momentuz, Athleticek denboraldiaurrerako baieztatuta dituen partida bakarrak abuztuaren 21ean eta 22an jokatuko ditu Wroclawen (Polonia) egingo den Turniej Wroclaw Polish Masters txapelketaren barruan. Slask Wroclaw, Benfica eta PSV Eindhoven izango dira txapelketa honetan Athleticekin batera.