Itxi

Athletic Club

3 PUNTU GEHIAGO

Athleticek garaipena lortu du etxean, Vila-realen aurka (1-0)

B. L. G. | EITB MEDIA

Iñaki Williamsek 59. minutuan egindako golari esker lortu dituzte hiru puntuak. Partida berdindua izan da lehen zatian, bigarrenean baina, aise nagusitu dira bilbotarrak.

  • Iñaki Williams goal ospatzen

    Iñaki Williams goal ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek hiru puntuak lortu ditu Iñaki Williamsek bigarren zatian sartutako golari esker. Lehen zatia berdindua izan da, eta ez da aukera garbirik egon. Bigarren zatian, berriz, Valverderen taldeak aurrera pausoa eman, eta jokoa monopolizatu du. Gol aukera argi gehiegi izan gabe, 58. minutuan Williamsek sartutakoak garaipena eman die.

Lehenengo zatia berdindua izan da. Ez Athleticek, ez Vila-realek ez dute gol aukera argirik izan. Hala ere, intentsitate handiarekin jokatu dira lehen 45 minutuak, eta horren lekuko dira talde biek egin behar izan dituzten aldaketak: Vila-realek Lo Celso Manu Triguerosengatik aldatu behar izan du 25. minutuan, eta handik 3 minutura, berriz, Athleticek egin behar izan du aldaketa; Oscar de Marcos ordezkatu du Lekuek. Bi aldaketak lesioagatik izan dira.

Hala heldu dira atsedenaldira, baina bigarren zatian, partida Athleticen alde irauli da. Aldageletatik bueltan, Valverdek zuzendutako mutilek martxa bat gehiago sartu, eta intentsitate handiagoarekin aritu dira. Erasoko aukera ugari sortuz.

Presio eta intentsitate hori izan da 48. minutuan Pau Torresek baloia area barruan galtzea eragin duena eta, orduan, Raul Garciak gol aukera argia izan du, Rullik, ordea, bere taldekidearen akatsa zuzendu du.

Lau minutura, Athletickek beste aukera on bat sortu du, baina atezain argentinarrak berriro ere ezerezean utzi du zuri-gorrien saiakera. Vila-realek, baina, ezin izan dio luzaroan heldu huts eta hutsekoari. Izan ere, bost minutu beranduago (59. minutuan), Raul Garciak sakonean egindako pase batek Iñaki Williams Rulliren aurrean bakarrik utzi, eta baloia ate barrura bidali du aurrelariak.

Hortik aurrera, Athleticen bakarrizketa izan da norgehiagoka. Aukera ugari sortu dituzte Bilbokoek, baina ez dira gola egiteko nahikoa izan. 72. minutuan, esaterako, Vencedorrek gola egiteko aukera argia izan du, baina jaurtiketa gogorra egin arren, erdira joan da, eta Rullik geratu egin du.

Nico Williamsek ere izan du bere aukera 77. minutuan, baina bakarkako jokaldi on baten ostean, baloia gora bidali du.

Azkenerako, Athleticek garaipena lortu du San Mamesen. Bigarren zati bikainaren saria jaso, eta Europako postuetan amaituko du jardunaldia.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Lekue, 29. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Vesga, Sancet, Raul Garcia (Garailea, 69. min); Nico Williams, Berenguer (Morcillo, 82. min) eta Iñaki Williams (Guruzeta, 82. min).

0 - Vila-real: Gero Rulli; Kiko Femenia (Cuenca, 86. min), Mandi, Pau Torres, Alberto Moreno; Dani Parejo (Del Moral, 86. min), Coquelin, Lo Celso (Trigueros, 25. min); Chukwueze (Nicolas Jackson, 64. min), Morales (Yeremy Pino, 64. min) eta Danjuma.

Gola: 1-0, m.59: Iñaki Williams.

Epailea: Ortiz Arias. Txartel horia atera die Raul Garcia (45. min) eta Vesga (89. min) etxeko jokalariei eta kanpoko Alberto Morenori (50. min).