Itxi

Athletic Club

Athleticeko presidentea

Jon Uriarte: "Klubaren egoera ekonomikoa txarra da"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Azken hiru denboraldietan ondarea eta hornidura 110 milioi euro inguru murriztu direla ohartarazi du Athleticeko presidenteak.

  • Jon Uriarte, Athleticeko presidentea

    Jon Uriarte, Athleticeko presidentea. Argazkia: EFE

Jon Uriarte Athleticeko presidenteak ohartarazi du Zuzendaritza Batzorde berriak urriaren 26ko Ohiko Batzar Nagusian aurkeztuko duen klubaren "egoera txarra" dela, azken urteetako "inertzia negatiboagatik".

"Azken hiru denboraldietan, jokalarien salmentatik eratorritako aparteko diru-sarrerarik gabe, 110 milioi euro inguru murriztu da ondarea eta hornidura, 37 milioi inguru denboraldiko", dio Uriartek euskal klubak bazkideen artean zabaldu dituen azalpen-bideoetako batean.

"Inertzia negatibo hori zuzendu behar dugu, diru-sarrerak gastuekin orekatu eta Athletic jasangarri bihurtu", gaineratu du enpresari bilbotarrak. "Gu aspalditik aztertzen ari gara hori, eta lehenbailehen zuzendu behar da", gaineratu du.

Zentzu horretan, ekainean hauteskundeak irabazi ondoren, bere taldea ez dela "klubean nolanahi sartuko" aurreratu du. "Ez dugu inolako iraultzarik egin nahi. Lehenengo honetaz ikasi nahi dugu eta gero erabakiak hartu", aurreratu du.

Uriartek "kontuak gardentasun handienarekin emateko" asmoaren barruan kokatu ditu erakundea argitaratzen ari den bideo argigarriak.

Beste bideo batean, Jon Berasategi erakundeko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Athletic "Ligako klub kaudimendunetako bat da, alde handiarekin", baina "joera negatiboa" du eta "berehalako ekintza sendoak" behar ditu "gastuen eta diru-sarreren arteko desoreka handia" arintzeko.

Hirugarren bideo batean, Guillermo Ruiz-Longarte diruzainak gogorarazi du "ondare eta balantze mailako egoera onbideratua dela, ñabarduraren batekin bada ere". "100 milioitik gorako ondare-mailak eta 90 milioi inguruko altxortegia ditugu, baina azken denboraldiek klubaren ondarea eta altxortegia higatu dute", laburbildu du. Hilaren 26an aurkeztuko dituen kontuen artean 2022-2023 denboraldirako 142 milioi euro inguruko aurrekontua dagoela gogorarazi du, baina diru-sarrerak ez direla 108 milioira iristen.