Athletic Club
Kontratua luzatu du
Ibai Gomez, jokalari zuri-gorria 2014. urtera arte
Erredakzioa
Santutxuko jokalariaren deuseztatze klausula 30 milioi eurokoa izango da. Bi urtez luzatu du.
-
Ibai Gomez, artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Ibai Gomez jokalariak Athletic Clubekin zeukan kontratua bi denboraldi gehiagoz berritu egin du. Kontratu berriak 2014.eko ekainaren 30ean du amaiera eta deuseztatze klausula 30 milioi eurokoa izango da.
Santutxukoa 2010eko udan fitxatu zuen Athleticek, Bigarren B Mailako Sestao River taldetik. Urte horretan eta bukatu berri den denboraldi honetan ere bigarren taldeko fitxa izan du.
Aurreneko urtean, Ligako hiru partida baino ez zituen jokatu Joaquin Caparrosekin. 2010eko urriaren 17an, Zaragozaren aurkako partidan, belaunean larri lesionatu zen eta zazpi hilabete inguru eman zituen geldirik.
Marcelo Bielsaren taldean garrantzi handiko jokalaria izan da. Guztira 29 neurketa jokatu ditu (Ligako 19, Kopako 3 eta Europa Ligako 7). Bi gol sartu ditu, biak Europa Ligan eta San Mamesen: Schalekeren eta Sporting Portugalen aurka.