Athletic Club
QATARGO MUNDUKO TXAPELKETA
Ghanako selekzioak Iñaki Williams deitu du lehen aldiz
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bi lagunarteko partida jokatuko ditu Brasilen eta Nikaraguaren aurka Qatargo Munduko Txapelketara begira.
-
Iñaki Williams, Espanyolen aurkako neurketan. Argazkia: EFE
Iñaki Williams Athleticeko aurrelariak Ghanako selekzioarekin aritzeko deialdia jaso du lehen aldiz, Brasilen eta Nikaraguaren aurka bi lagunarteko partida jokatzeko, azaroaren 20tik abenduaren abenduaren 18ra egingo den Qatargo Munduko Txapelketara begira.
Williamsek joan zen uztailaren 5ean iragarri zuen Ghanako selekzioarekin jokatuko zuela, hots, haren gurasoen jaioterriko selekzioarekin, bere "sustraiekin bat egiteko" eta, era berean, hurrengo Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera izateko, Espainiako selekzio absolutuaren deirik ez baitzuen jasotzen.
Ghana 60. postuan dago sailkatuta FIFAren zerrendan, eta Qatargo Munduko Txapelketako H multzoan jokatuko du Portugal, Hego Korea eta Uruguairekin batera.
Alabaina, horren aurretik, erasoko jokalariak irailaren 23an debuta dezake bere selekzioarekin Brasilen aurka, Frantziako Le Havre hirian. Bigarren hitzordua Nikaraguaren aurka izango da, Murtziako Lorca hirian, irailaren 27an.