Itxi

Athletic Club

Athletic Club-FC Barcelona

Bulgariatik eta Esloveniatik, Koparen bila

Isusko A.B. | Berriemale berezia, Madrildik

Euskal Herritik at jaio diren bi athleticzalerekin harremanetan jarri gara. Bakoitzak bere istorioa du, baina bihotz zuri-gorria dute biek eta Madrilen egongo dira, Athleticekin.

  • Andrei Demirev, Bulgarian jaiotako Athleticeko zalea. Argazkia: I.A.

Andrei Demirev bulgariar kirol-kazetariak hainbat erreportaje egin zituen, artean Bulgarian bizi zela, Athleticen inguruan. Gerora, euskal herritar batekin ezkondu zen eta Bilbora etorri zen bizitzera. Ordutik pixkanaka-pixkanaka sentimendu zuri-gorria barneratu eta mundura zabaldu du.

Euskal herritarrez soilik osatutako taldea da eta hori asko baloratzen omen dute Bulgarian. "Asko jarraitu dute aurten Athleticen ibilbidea Europa Ligan, eta taldearen filosofiarekin bat egiten dute askok. Azken urtean, zale zuri-gorrien kopuruak gora egin du nabarmen".

Kopako finala irabazi egingo dugula esan du Demirevek: "Argi dago Europa Ligako finala irabazita indartua egongo zela taldea, baina ez zen posible izan. Halere, baikorra naiz eta irabaziko dugula esatera ausartzen naiz".

Dimitrij Krizman Ljubljanan jaio zen, 1973. urtean, eta ia konturatu gabe bilakatu zen athleticzale.

"14 urte nituenean, San Mameseko irudiak ikusten nituen telebistan; ez dakit zergatik, baina talde horren berri izan nahi nuen eta, taldearen filosofia ikertzen hasi nintzenean, Athleticeko zale bihurtu nintzen".

Txikitatik, nazioarteko futbola ikusten zuen Krizmanek, eta aurten asko disfrutatu du Bielsaren taldeak egindako futbolaz. Orain, nahiz eta zaila izan Kopako finala irabaztea horren urrun ez dagoela pentsatzen du: "Kolpe handia izan zen Bukarestekoa, baina orain hemen gaude. Ljubljanatik etorri gara, Kopa irabazteko. Athletic, beti zurekin".