Athletic Club
Hauteskundeak
Jon Uriarte, Athleticeko presidente berria
EITB MEDIA
Bilbotar klubeko bazkideek emandako botoen % 46 Uriarteren hautagaitzaren aldekoak izan dira. Iñaki Arechabaletak botoen % 33 jaso du, eta Ricardo Barkalak % 18. Horrela, Ernesto Valverde izango da Athleticeko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea.
Jon Uriarte da Athleticeko presidente berria, ostiral honetan San Mamesen egindako hauteskundeak aise irabazita. Uriarteren hautagaitzak bazkideek emandako botoen % 46 jaso ditu; Iñaki Arechabaletak % 33 izan ditu bere alde, eta Ricardo Barkalak, aldiz, % 18. Ondorioz, Ernesto Valverde izango da Athleticeko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea. Parte-hartzea % 56koa izan da, 2018an baino nabarmen altuagoa.
Athleticeko hauteskundeetan, hautetsontzietan inoiz baino boto gehiago eman dituzte bazkideek; izan ere, 22.689 bazkidek eman dute botoa, eta hori marka da Athleticek historian egindako hamar hauteskundeetan. 2011ko hauteskundeetan, Josu Urrutia Fernando Garcia Macuari gailendu zitzaionean, 21.009 bazkidek eman zuten botoa; hori bai, oraingo parte-hartzea % 56,36koa izan da, eta 2011n, berriz, % 65,49koa, inoizko altuena.
Aurreko bi presidenteak bezala, alegia, Aitor Elizegik eta Josu Urrutiak ere egiten zutenez, Jon Uriarte euskaraz aritzen da komunikabideekin eta zaleekin.
Azken hauteskundeei erreparatuta (2018an egin zituzten), Aitor Elizegi garaitu zenean, botoen kopurua eta parte-hartzea baxuagoak izan ziren. Duela hiru urte eta erdi, 19.060 boto jaso zituzten, eta parte-hartzea % 46,77koa izan zen.
Lehen aldiz egin dituzte hauteskundeak San Mamesen; azken zazpiak Ibaiganen egin dituzte, klubaren egoitzan. Hiru hautagaiek nabarmendu dute erabakia egokia izan dela, eta azpimarratu egin dute eguna oso ondo antolatua izan dena; 40.257 bazkidek zuten aukera botoa emateko.
Lanean ari gara informazioa osatzeko…