Itxi

Athletic Club

PRESIDENTE IZATEKO HAUTAGAIA

Athleticerako balizko entrenatzaileekin hitz egin duela onartu du Barkalak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bilboko Portuko Agintaritzako egungo presidentea da talde zuri-gorriko presidente izateko aurkeztuko dela publikoki adierazi duen hautagai bakarra.

1:7
Ricardo Barkala

Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak, Athletic Clubeko presidente izateko hauteskundeetara aurkeztuko denak, ostegun honetan adierazi duenez, dagoeneko badabil lehen taldeko entrenatzaile kargurako hautagai posibleekin berba egiten. Aldi berean, gaineratu du hauteskundeak irabaziz gero, bi karguak uztartuko lituzkeela.

Barkalak ekonomiari buruzko hitzaldi batean parte hartu du, eta bertan azaldu du oraingoz bera dela "pertsona bakarra" publikoki iragarri duena Athleticeko presidente izan nahi duela; dena den, "pertsona bat edo bi gehiagok" urrats bera ematekotan direla uste du.

Oraindik hauteskundeetarako datarik iragarri ez duen klubeko presidentearen (Aitor Elizegi) "erabakiak errespetatzen" dituela adierazi du Barkalak. Dena den, datarik egon ez arren, aurreratu du 40 edo 50 lagunez osatutako lantalde batekin harremanetan ari dela "proiektu erakargarri bat" eratzeko.

Futbolaz "gutxi" dakiela aitortu du, eta horregatik nahiago duela "gauzak ondo egiten dakiten Lezamako entrenatzaile, kirol zuzendari eta zuzendari batengan konfiantza izatea".

Athleticeko presidente izatera iritsiko balitz, hasiera batean, behintzat, ez luke Portuko presidente kargua utziko, baina ez du aukera hori baztertu, gerora, egunerokotasunak bi karguei eustea ezinezkoa dela erakutsiko balu.

Baieztatu duenez, oraindik ez du lehen taldeko entrenatzaile postua beteko lukeen pertsonaren izena erabakita; alabaina, izatekotan ere, ez lukeela plazaratuko zehaztu du. Hori bai, dagoeneko hainbatekin hitz egin duela onartu du, bere prestutasuna zein den ikusteko.