Itxi

Athletic Club

KONTRATU LUZATZEA

Athleticen beste urtebetez jarraituko duela jakinarazi du De Marcosek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Guardiako jokalariaren esanetan, oraindik ez du kontraturik sinatu, baina klubak beste urtebete geratzeko interesa azaldu zion eta berak baiezkoa eman du.

0:23
Prentsaurrekoan ateratako kaptura.

Oscar de Marcos jokalariak asteazken honetan azaldu duenez, beste urtebetez jarraituko du Athletic Clubeko jokalari izaten, talde zuri-gorriaren eskaintza onartu ostean.

"Erabakia hartuta daukat, asko aztertu dut, eta asmoa da beste urtebetez jarraitzea. Bi aldeen artean hitz egin behar da, baina gutxi gorabehera dena esanda dago", aurreratu du De Marcosek Lezaman emandako prentsaurrekoan.

"Kosta egin zait erabakia hartzea, denbora behar izan dut. Erabaki garrantzitsua zen niretzat, eta batzuetan gauza asko aztertu behar dituzu: kirol maila, neure burua eta familia kontuan hartutako hausnarketa egin dut, eta uste dut erabaki zuzena beste urtebetez jarraitzea dela", azaldu du jokalari arabarrak.

"Haiek nik jarraitzea nahi zuten eta nik jarraitu nahi dudala erabaki dut. Ez dago ezer mahai gainean, baina ez dago inongo arazorik, haiek badakitelako. Klubari jakinarazi nion eta horregatik diotsuet orain ", esan die kazetariei.

De Marcosek (Guardia/Araba, 1989-04-14) 33 urte beteko ditu bihar, eta 451 partida jokatu ditu Athleticekin. Horrenbestez, talde zuri-gorriaren historian partida gehien jokatu dituen bederatzigarren jokalaria da, eta 35 gol sartu ditu.