Athletic Club
Ezohiko Batzar Nagusia
Athleticek animazio harmaila sortuko du San Mamesen, aurrera atera den zuzendaritzaren proposamenarekin
EITB Media
Bazkide konpromisarioek baiezkoa eman diote animazio harmailaren sorrerari, apirilaren 7an egin den Ezohiko Batzar Nagusian. Zuzendaritzaren proposamena nagusitu da, 'Athleticen Orroa' plataformarenaren gainetik.
-
Apirilaren 7ko Athleticen Ezohiko Batzar Nagusiko irudia. Argazkia: EFE
Athleticeko bazkide konpromisarioek baiezkoa eman diote klubeko zuzendaritzak San Mamesen animazio harmaila sortzeko egindako proposamenari apirilaren 7an Bilboko Euskalduna Jauregian egin den Ezohiko Batzar Nagusian.
Lehenengo, animazio harmailaren sorrera onartzen zuten ala ez bozkatu dute konpromisarioek, eta emaitza baiezkoa izan da aldeko 517 botorekin, eta aurkako 285 botorekin. Bazkide batek soilik bozkatu du zuriz, eta zortzi abstenitu egin dira.
Ondoren, zuzendaritzak edo 'Athleticen Orroa' plataformak egindako proposamenen artean aukeratu behar izan dute konpromisarioek. Zuzendaritzarenak iparraldeko beheko harmailan dauden bazkideak soilik tokiz aldatzea proposatzen zuen; 'Athleticen Orroa' plataformarenak, aldiz, bazkide guztiak berriz tokiz aldatzea.
Bigarren bozketan, zuzendaritzaren proposamena nagusitu da, aldeko 445 botorekin. 'Athleticen Orroa'ren proposamenak 258 konpromisarioren babesa jaso du. Beste 70 bazkidek zuriz bozkatu dute, 22 boto baliogabeak izan dira, eta 41 abstenitu egin dira.