Itxi

Athletic Club

30. JARDUNALDIA

Athleticek Elxi irabazi dio eta Europarako lehian jarraitzen du (2-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Marcelinoren taldeak merezitako garaipena lortu du, zabalagoa ere izan zitekeena, Iñaki Williams finago aritu izan balitz izan dituen aukera ugarietan

0
Athletic vs Elx: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Datorren denboraldian Europan aritzeko eskubidea ematen duten postuak lortzeko lehian jarraitzen du Athleticek, San Mamesen Elxen aurka lortutako garaipenaren (2-1) ostean. Zuri-gorriak Alex Berenguerren eta Asier Villalibreren golekin gailendu dira, eta ezerezean utzi dute Josan Fernandez bisitariak neurketako luzapenean sartu duen gola.

Berenguerrek 1-0ekoa jarri du 33. minutuan, Yuri Berchichek ezker hegaletik egindako erdiraketa era ikusgarrian errematatuta. Gerora, Villalibrek sartu du bilbotarren bigarrena, 85.ean, Raul Garciak sakonean bidalitako pase bat aprobetxatuta. Gernikako aurrelariak maisuki ganditu du Edgar Badia atezaina. 92. minutuan, Josanek 21-ekoa egin du bisitarientzat, lehen zutoinera egindako jaurtiketa batekin.

Talde zuri-gorriak partida bikaina egin du, batez ere lehen zatian, eta partida erabakita utzi ahal izan du, baina Iñaki Williams ez da batere fin ibili aurkariaren ate aurrean izandako aukera ugarietan.

Besteak beste, baloi bat zutoinera bidali du, eta ezin izan du buruz errematatu area txikian Sancetek eskuin aldetik egindako erdiraketa ederra, errazena baloiak aurkariaren ate barrenean buka zezala zirudienean.

Bigarren zatiak parekatuagoa izan da. Elxek ere hurbilketa arriskutsuak izan ditu Unai Simonek defendatutako ate aurrean; hala ere, San Mameseko harmailetan ez da benetako estuasunik bizi azken hiru minutuetan izan ezik, hau da, bisitariek markagailua murriztea lortu ondoren.

Fiitxa teknikoa:

2 - Athletic: Unai Simón; De Marcos (Zarraga, 88. min), Vivian, Núñez, Yuri; Berenguer (Nico Williams, 75. min), Vencedor, Vesga (Petxarroman, 65. min), Muniain; Sancet (Raúl García, 65. min) e Iñaki Williams (Villalibre, 75. min).

1 - Elche: Edgar Badía; Palacios, Diego González, Bigas, Olaza; Tete Morente (Josan, 58. min), Marcone (Raúl Guti, 58. min), Gumbau, Fidel (Piatti, 74. min); Pere Milla (Carrillo, 58. min) eta Lucas Boyé (Ponce, 18. min).

Golak: 1-0, 32. min: Berenguer. 2-0, 86. min: Villalibre. 21, 92. min: Josan.

Epailea: Jorge Figueroa Vázquez. Txartel horiak: Vesga eta Núñez (Athletic); Bigas, Marcone, Carrillo eta Josan (Elx).