Itxi

Athletic Club

SANTANDER LIGA

Athleticek ezin izan du Getafe gainditu (1-1), eta Europara sailkatzeko aukerak zaildu zaizkio

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Madrilgo taldea neurketa hasi eta berehala aurreratu da markagailuan, eta bigarren zatian 10 jokalarirekin geratu da, baina zuri-gorriek ezin izan diote lehiari buelta eman.

0
Athletic vs Getafe: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek berdindu egin du ostiral honetan Getaferen aurka (1-1), Santander Ligako 29. jardunaldiari hasiera eman dion partidan, eta berdinketa horrek zaindu egiten dizkie bilbotarrei datorren urtean Europan jokatzeko aukerak.

Madrilgo taldea hobea izan da neurketaren hasieran, baina Athleticen oldarraldiak jasan amaitu du partida, eta, hala, David Soria Getafeko atezaina izan da partidako protagonista nagusia azken txanpan. Birritan geldiarazi ditu Daniel Vivianen burukadak, baita Iñaki Williams saiakerak ere.

Quique Sanchez Floresen taldeak bi minutu baino ez ditu behar izan markagailuan aurrea hartzeko, Enes Unalek buruz area barruan errematatu duenean, Djenek eskuinaldetik jarritako erdiraketa ona. Jokaldi horretan zuri-gorrien defentsa ez da batere fin aritu.

Golak ezustean harrapatu du etxeko taldea; alabaina, berehala ekin dio erasoko jokaldiak bata bestearen atzetik sortzera.

Williamsek izandako zenbait abaguneren ostean, berdinketa Yuri Berchicheren ekintza batean iritsi da, hain zuzen ere Iñaki Williamsekin hormarena egin eta gero. Ezkerreko hegalekoa area barruan sartu da, eta Soriak ezin izan du gelditu haren ezkerkada bortitza.

Golak lasaitasuna eraman du San Mameseko harmailetara, eta zale zuri-gorrien bultzada areagotu egin da.

Bigarren zatiarekin bat David Soriaren gelditu gehiago eta VARarekin izandako polemikak iritsi dira. Lehendabizi, gola baliogabetu dio Oliverari jokoz kanpo zegoelako zentimetro gutxi batzurengatik, eta horrek haserrea eragin du Getafekoen. Bigarrenik, Cuencari ateratako txartel hori batengatik, bost minutu baino gehiagoko berrikuspenaren ondoren gorri bihurtu dena. Hori bai, Gil Manzanok hasiera batean adierazitako penaltia falta hutsa bihurtu da Athleticen alde.

Getafe bat gutxiagorekin ari zela, bilbotarren setioa areagotu egin da azken 25 minutuetan, baina aukera garbirik sortu gabe. Argiena falta baten ostean iritsi da, Vivianen burukada baten bidez, baina Soriak ondo aldendu du beste behin ere.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Unai Simón; De Marcos (Petxarroman, 89. min), Vivian, Yeray, Yuri; Berenguer, Vencedor (Nico Williams, 72. min), Vesga, Muniain (Serrano, 89. min); Sancet (Raúl García, 78. min) e Iñaki Williams (Villalibre, 78. min).

1 - Getafe: Soria; Damián, Djené, Mitrovic, Cuenca, Olivera; Aleñá (Juan Iglesias, 87. min), Gonzalo Villar, Oscar (Okay, 78. min); Sandro (Borja  Mayoral, 73. min) eta Enes Ünal (Mata, 87. min).

Golak: 0-1, 3. min: Enes Ünal. 1-1, 29. min: Yuri.

Epailea: Jesús Gil Manzano. Cuenca kaleratu du 65. minutuan Sancet lurrera botatzeagatik azken defentsa zenean. Jankto ere kaleratu du 90. minutuan, aulkitik epaileari protesta egiteagatik.

Horrez gain, Athleticeko Vesgari (79. min), Petxarromani (93. min) eta Yerayri (96. min) txartel horiak atera dizkie, baita Getafeko Mitrovic (25. min), Ünal (32 . min), Djené (86. min), Mata (93. min) eta Damiani (97. min).