Itxi

Athletic Club

Europako kanporaketak

Kanpoan 2-1 galdu ostean seitik hiru kanporaketa irauli dituzte

Erredakzioa

Southampton, Dinamo Tiblisi eta Lokomotiv kanpoan utzi zituzten zuri-gorriek San Mamesen. Ferencvarosek, aldiz, Athletic bitan kanporatu zuen eta Eintracht Alemaniako taldeak beste batean.

  • Ekiza Sportingen aurkako neurketan. Argazkia: EFE

    Ekiza Sportingen aurkako neurketan. Argazkia: EFE

Athleticek 2-1 porrot egin zuen Sportingen aurka Lisboan, Europa Leagueko finalerdietako joaneko partidan. Hala ere, zuri-gorriek kanpoan 2-1 galdu eta gero historian hiru kanporaketa irauli dituzte San Mamesen. Beste hirutan, ostera, Europako txapelketatik at geratu dira markagailu berdinarekin.

Horrelako kanporaketa bat irauli duten azken aldia denboraldi honetan bertan izan da. Otsailaren 23an, San Mamesen, Iker Munianen gol batek Europa Leagueko final-zortzirenetarako txartela eman zien bilbotarrei, eta Moskuko Lokomotiv kanporatu zuten.

Aurreneko aldia 1971-1972 denboraldiko UEFAko Kopan jazo zen. Orduan, Ronnie Allenek zuzendutako taldeak The Dell estadioan jasotako porrotari buelta eman zion San Mamesen. Josu Ortuondok eta Anton Arietak bi gol sartu eta Southampton txapelketatik at utzi zuten zuri-gorriek (2-0).

2-1eko emaitza irauli zuen beste kanporaketa Dinamo Tiblisiren aurkakoa izan zen, Txapeldunen Ligako aurretiko kanporaketan, 1998-1999 denboraldian.

Gainerako hiru kanporaketetan Athletic txapelketatik at geratu zen joanekoan 2-1 galduta. Hungariako Ferencvarosek Athletic bitan kanporatu zuen eta Eintracht Braunschweig Alemaniako taldeak beste batean.