Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Athleticek galdu egin du jokalari bat gutxiagorekin amaitu duen Betisen aurka (1-0)

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak porrota jaso du Benito Villamarinen jokatu duen Santander Ligako 28. jardunaldiko partidan. Borja Iglesiasek sartu du neurketako gol bakarra, eta Fekirrek txartel gorria ikusi du 80. minutuan.

0
Betis vs Athletic: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek galdu egin du Betisen aurka (1-0) igande honetan Benito Villamarin estadioan jokatu duen Santander Ligako 28. jardunaldiko partida. Sevillako taldeak bat gutxiagorekin jokatu ditu azken minutuak, baina garaipenak ez dio ihes egin.

Neurketak erritmo bizia izan du hasieratik. Bi taldeak erasokor zelairatu dira, eta hirugarren minutuan lehen abagunea izan du Betisek, baina Unai Simon atezainak desbideratu egin du Borja Iglesiasen jaurtiketa. Athleticen erantzuna Berenguerrek kanpora bidali duen erremate baten bidez iritsi da. Lehia parekatua izan da, baina etxeko taldea hasi da nagusitzen minutuak aurrera joan ahala. Norgehiagokako 20. minutuan, Betisek jokaldi ona egin du, Mirandak hegaletik erdiratu, eta Borja Iglesiasek gola sartu du (1-0), buruz baloia sare barrura bidalita.

Gola hartu ostean, talde zuri-gorriak berdinketaren bila jo du. Gola sartzetik gertu egon da Iñaki Williams 28. minutuan, baina errematea kanpora joan da, zutoina urratuta. Muniainek ere saiakera egin du 43. minutuan, baina Athleticeko kapitainaren jaurtiketa Rui Silvak gelditu du.

Bigarren zatiko lehen jokaldian Canalesek area kanpotik egin duen jaurtiketa Unai Simonek gelditu du. Athleticek jarraian erantzun du, jokaldi on bat eginda, eta Iñaki Williamsen erdiraketa arriskutsua Bartrak moztu du. Beste abagune bat izan du Betisek 54. minutuan, baina Borja Iglesiasen errematea kanpora joan da, Simonek babesten duen ateko zutoina urratuta. Bederatzi minutu beranduago, jokaldi bikaina egin du Muniainek; Bartrari baloia hankapetik sartu dio, eta jaurtiketa Rui Silvak desbideratu du, gola saihestuta. Nico Williamsek ere abagunea izan du 66. minutuan, baina kanporajaurti du, aurkaria atzean utzi ostean.

Neurketako 80. minutuan Betis jokalari bat gutxiagorekin gelditu da Mateu Lahoz epaileak txartel gorria atera diolako Fekirri, jokalari frantziarrak Muniaini ostikoa jo baitio baloia jokoan egon gabe.

Betis hamar jokalarirekin geratu denetik, denbora galerak nagusi izan dira, eta jokoak ez du jarraikortasunik izan. Saiatu dira zuri-gorriak azken txanpan, baina ez dira abagune argirik sortzeko izan, eta Betisek erdietsi ditu hiru puntuak. 

Fitxa teknikoa:

1 - Betis: Rui Silva; Sabaly, Pezzella, Bartra, Miranda (Aitor Ruibal, 70. min); Guido Rodriguez, Paul (Edgar, 87. min); Canales, Fekir, Juanmi; Borja Iglesias (William Carvalho, 73. min).

0 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Berenguer, Vencedor (Nico Serrano, 84. min), Vesga (Zarraga, 71. min), Muniain; Sancet (Raul Garcia, 84. min), Iñaki Williams (Nico Williams, 58. min).

Gola: 1-0, 20. min: Borja Iglesias.

Epailea: Antonio Miguel Mateu Lahoz. Txartel gorria atera dio Fekir (80. min) Betiseko jokalariari. Gainera txartel horiak atera dizkie, Pezzella (25. min), Miranda (28. min), Aitor Ruibal (76. min) eta Canales (80. min) Betiseko futbolariei, baita Yuri (8. min), Berenguer (16. min), Nico Williams (77. min), De Marcos (80. min) eta Sancet (80. min) Athleticeko jokalariei.