Itxi

Athletic Club

Sporting-Athletic (2-1)

Athleticek pot egin eta azken laurdenean ordaindu du

Erredakzioa

Bielsaren jokalariek lehen zati eskasa jokatu dute, baina bigarrenean indartsuago zelairatu eta aurretik jarri dira. Hala ere, zuri-gorriak berdegunetik desagertu dira azken 15 minutuetan.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Sporting: Rui Patricio; Joao Pereira, Polga, Xandao, Insua; Schaars, Carrico (Andre Carrillo, 67. minutua); Izmailov, André Martins (Diego Rubio, 75. minutua), Capel (Bruno Pereirinha, 83. minutua); Van Volfswinkel.

Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Ander Herrera (San Jose, 70. minutua); Susaeta (Ibai Gomez, 83. minutua), Muniain eta Llorente (Toquero, 86. minutua).

Golak: 0-1: Aurtenetxe, 58. minutua; 1-1: Insua, 75. minutua; 2-1: Capel, 80. minutua.

Athletic eskas batek 2-1 porrot egin du gaur Lisboan, Sportingen aurkako partidan. Diego Capel espainiarraren eta Emiliano Insua argentinarraren golei erantzuna eman beharko diete zuri-gorriek San Mamesen, Bukaresteko finalean izan nahi badute.

Europa Leagueko finalerdietako joanekoan, Aurtenetxe hegalekoaren golak bilbotarrak aurretik jarri ditu, baina Portugalgo taldearen bultzadak markagailua irauli du. Hala ere, Aurtenetxeren golak berebiziko garrantzia izan dezake itzuliko norgehiagokan.

Marcelo Bielsaren proposamena kale egitetik gertu egon da Lisboan. Sportingen sare taktikoak eta Athleticen jarrera bitxi batek kanporaketa arriskuan jarri dute zenbait unetan, baina bizkaitarrak bizirik atera dira Jose Alvalade estadiotik.

Iker Muniainek ez du partida ona jokatu eta zuri-gorriek ezin izan dute Sportingen defentsa harresia urratu. Carriço langile batek zelai erdia itxi du eta hegaleko portugaldarrak bilbotarrak baino hobeto moldatu dira.

Athleticen Ander Herrera sortzaile batek, eta De Marcosen eta Susaetaren pare bat txinparta batzuek Bielsaren mutilen erasoko joko eskasa bideratu dute lehen zatian. Fernando Llorente ere buruz saiatu da korner batean.

Bigarren zatian berdin jarraitu du norgehiagokak. Hala ere, Sportingen atzelariek gaizki aldaratutako falta bat Aurtenetxek sareetara bidali du. Merezi gabe, baina zuri-gorriek neurketa nahi zuten tokian zuten. Jokoaren kontrola bereganatu eta markagailuan aldea areagotzeko aukera paregabea izan dute geldikako jokaldi batean. Amorebietak baloia zutoinera bidali du korner batean.

Bielsak Ander Herrera kendu eta San Jose zelairatu du defendatzeko. Bien bitartean, Ricardo Sa Pintok erasoko jokoa bideratu nahi zuen eta Andre Carrillo eta Diego Rubio berdeguneratu ditu.

Aldaketa taktikoak egin eta bereahala Insuak gola sartu du burukada batekin, eta etxekoei arnasa eman die. Ondoren, Capelek jaurtiketa bikaina egin du areaz kanpo eta baloia sareetan kokatu du.