Athletic Club
Ohar labur batean
Athleticek doluminak helarazi dizkie Iñigoren senide eta lagunei
Erredakzioa
Athleticeko hainbat jokalarik ere doluminak adierazi dituzte Twitterren. Rodolfo Ares adierazi du hipotesi guztiak zabalik daudela athleticzalearen heriotzaren harira.
-
Iñigo Cabacasi omenaldia. Argazkia: EFE
Athleticek doluminak helarazi nahi izan dizkie astelehenean, hilaren 9an, Bilbon hil zen Iñigo Cabacas Liceranzu zale zuri-gorriaren senide eta lagunei.
Athleticeko hainbat jokalarik doluminak adierazi dituzte Twitterren. Haien arteko lehena, Ibai Gomez: "Doluminak Iñigoren senideentzat. Oso tristea da futbolaren inguruan halakoak gertatzea. Goian bego". Ondoren, Fernando Llorentek ere hitz egin zuen: "Nire babes guztia Iñigo Cabacas Liceranzuren sendiarentzat, penagarria da futbol zelai batean horrelakoak gertatzea". Koikilik justizia eskatu zuen: "Egun tristea guztiontzat! Iñigoren familiari indarra, berotasuna eta gertutasuna! Benetako justizia behar dugu!".
28 urteko gaztea atzo hil zen, ostegunetik koman egon eta gero. Hain zuzen ere, Athletic-Schalke 04 partidaren ostean zauritu zen, berak parte hartu ez zuen istilu batzuetan. Harekin zeuden lagunen esanetan, Ertzaintzaren pilotakada batek jo zuen.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du hipotesi guztiak zabalik daudela Iñigo Cabacas athleticzalearen heriotzaren harira.
Horren ildotik, sailburuak nabarmendu du ez dutela "inoiz baztertu" 28 urteko gaztea Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil izana, baina gaineratu du ikerketa zabalik dagoela oraindik. Ikerketa horren baitan, istiluak izandako tokian aurkitutako porra bat ere aztertzen ari dira.