Itxi

Athletic Club

MARKA BERRIA

Erika Vazquez, Athleticen emakumezkoen taldean partida gehien jokatu dituen jokalaria

EITB MEDIA

Iruindarrak 414. partida jokatu ditu dagoeneko Athleticekin, Atletico Madrilen aurkako neurketan (2-1) titular gisa aritu eta gero.

  • Erika Vazquez, Athleticeko jokalaria

    Erika Vazquez, Athleticeko jokalaria. Argazkia: EITB MEDIA.

Erika Vazquez Athleticen emakumezkoen taldean partida gehien jokatu dituen futbolaria bihurtu da asteazken honetan (414) Atletico Madrilen kontrako lehian (2-1) titular aritu ostean. Iruñeko aurrelariak 39 urte ditu eta 17 denboraldi daramatza zuri-gorri gisa. Guztira 263 gol sartu ditu orain arte Erikak.

Klubaren historian, emakumezkoen kategorian, hamazazpi denboraldi jokatzen dituen lehen jokalaria da. Barañaingo Lagunak taldetik iritsi zen 2004-2005 denboraldian Bilbora, eta bere lehen urtean 26 gol sartzeaz gain, Superligako titulua lortu zuen.

Gero, 2006-2007 eta 2015-2016ko liga txapelketak heldu ziren. Espanyolen ibilbide laburra egin ostean, 2010ean talde zuri-gorrira itzuli zen eta klubaren bigarren golegile historikoa da, Telmo Zarraren atzetik soilik, 250 goleko muga gaindituta.

Aurrelariak, gainera, 47 aldiz jokatu du Espainiako selekzioarekin nazioartean 7 gol sartuta, eta Eurokopa batean (Suedia, 2013) eta Munduko Txapelketa batean (Kanada, 2015) parte hartu du.

Erika Vazquezek otsailaren 6an berdindu zuen Eli Ibarrak zuen talde zuri-gorriarekin jokatutako 413 norgehiagokako marka (Huelvaren aurka), eta maila gorenean jokatzen jarraitzeko gogo handiz jarraitzen du.

Jokatzen ari direnen artean, Nekane Diez aurrelaria eta Eunate Arraiza atzelaria ditu ondoren, 359 eta 280 partida jokaturik, hurrenez hurren. Gizonei dagokienez, Iker Muniain aurrelariak 483 partida jokatu ditu; Oscar de Marcosek berriz, 445. Oro har, Jose Angel Iribar zarauztarra da Athleticeko historian partida gehien jokatu dituena, 614ko markarekin.