Itxi

Athletic Club

ERREGE KOPA

Athleticek Real Madril gainditu du eta Errege Kopako finalerdietan egongo da

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak 1-0eko emaitzarekin irabazi du San Mamesen jokatu duen final-laurdenetako norgehiagoka, aurkariak baino hobeto jokatuta. Berenguerrek sartu du neurketako gol bakarra, 88. minutuan.

2:11
Athletic Club

Athleticek Errege Kopako finalerdietarako txartela lortu du Real Madrilen aurka garaipena lortuta (1-0) ostegun honetan San Mamesen jokatu den final-laurdenetako kanporaketan.

Partida erritmo biziarekin hasi da, eta lehen abagunea Athleticek izan du, 8. minutuan; Dani Garciak area kanpotik jaurtiketa egin, eta Courtois atezainak eragotzi du gola, baloia kornerrera desbideratuta. Lau minutu geroago, Nico Williamsek jokaldi ona egin du hegaletik, Real Madrilek baloia aldendu, eta Dani Garciaren jaurtiketa kanpora joan da, Nachok desbideratuta. Ondoren, talde zuri-gorria izan da baloiaren jabe, baina Athleticen hurrengo abisua ez da iritsi 22. minutura arte: Muniainek jokaldi bikaina egin du ezker hegaletik, arean sartu da, aurkariak atzean utzita, eta horren jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik.

Real Madrili kostatu egin zaio Agirrezabala atezainak babestutako atera arriskua eramatea. Hala ere, 26. minutuan izan du bere lehen abagunea, talde zuri-gorriko atezainak Rodrygori gelditu dion jaurtiketarekin.

Talde bisitariak lehen aukera izan ostean, Athleticek nagusi izaten jarraitu du. Muniainek saiakera egin du 36. minutuan, baina jaurtiketa loratua gehiegi desbideratu zaio. Neurketako 40. minutuan, Athleticek kornerra atera du, eta Iñigo Martinezen errematea kanpora joan da. Lehen zatia amaitzear zela, Nico Williamsek min hartu du, eta zelaitik irten behar izan da medikuarekin egoteko. Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak ez du aldaketarik egin, talde zuri-gorria jokalari bat gutxiagorekin ibili da azken bi minutuetan, baina Real Madrili eustea lortu du.

Bigarren zatiaren hasieran, Iñigo Martinezek eman du lehen abisua, baina ezin izan du errematea aurkariaren atera zuzendu. Ia jarraian, beste korner baten, Raul Garciak egin duen errematea kanpora joan da, baloiak Nacho jo ostean.

Athleticen abaguneen ostean, bi taldeei kostatu egin zaie gola sartzeko aukerak sortzea. Talde zuri-gorriak jokaldi ona egin du 63. minutuan, baina Williams ez da gai izan Muniainen pasea errematatzeko. Lau minutu geroago, Berenguerrek jokaldi ona egin du, nahiz eta azken pasea indartsuegi eman duen.

Norgehiagokako 80. minutuan, abagune bikaina izan du Real Madrilek; Asensiok pase bikaina eman dio Casemirori, eta Agirrezabalak gola saihestu du, brasildarraren errematea desbideratuta.

Azken txanpan sufritzen ibili da Athletic. Real Madril baloiaren jabe egin da, eta arriskua eraman du zuri-gorrien ate ingurura. Hala ere, 88. minutuan, Vesgak baloia berreskuratu du Casemirok huts egin ondoren, pasea eman dio Berenguerri, eta honek gola sartu du (1-0), area barruan Nachori iskin egin eta jaurtiketa gurutzatua eginez Courtois gaindituta.

Azkenera arte ez du etsi Real Madrilek, eta abagune argia izan du 93. minutuan, baina Iscok area barrutik egin duen erremate gurutzatua kanpora joan da, gutxigatik. Azkenean, Athleticek erdietsi du garaipena, eta finalerdietarako sailkatu da.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Nico Williams (Berenguer, 46. min), Dani Garcia, Vesga, Muniain (Balenziaga, 92. min); Raul Garcia (Serrano, 78. min) eta Iñaki Williams.

0 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Nacho, Alaba; Casemiro, Kroos (Camavinga, 76. min), Modric; Rodrygo, Marco Asensio eta Vinicius (Isco, 60. min).

Gola: 1-0, 88. min: Berenguer.

Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel horia atera die Dani Garcia (42. min), De Marcos (66. min) eta Yuri (68. min) Athleticeko jokalariei, baita Kroos (23. min) eta Modric (59. min) Real Madrileko futbolariei ere.