Itxi

Athletic Club

Final-laurdenak (joanekoa)

Athleticek kanporaketa bideratu du Schalkeri 2-4 irabazita

Erredakzioa

Zuri-gorriek gertu dute finalerdietarako txartela. Llorentek eta Raulek bina gol sartu zituzten. De Marcosek eta Muniainek lortutako beste gol banarekin biribildu zuen festa talde bizkaitarrak.

  • Athleticeko jokalariak Schalke 04ren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 2-4 irabazi zion Schalke 04ri Gelsenkircheneko (Alemania) Veltins Arenan Europa Leagueko final-laurdenetako joaneko partidan. Garaipen honekin, zuri-gorriek eskura dute finalerdietarako txartela.

Partida parekatuta hasi zen eta Athleticek 20. minutuan hartu zuen aurrea markagailuan. Llorentek sartu zuen 0-1ekoa. Pozak, ordea, ez zion asko iraun talde zuri-gorriari, hurrengo minutuan Raulek 1-1ekoa sartu baitzuen. Lehen zatia bana berdinduta bukatu zen.

Bigarren zatiari gogotsu ekin zion Athleticek, baina minutuak pasatu ahala Schalke nagusitzen hasi zen. Nagusitasun horrek saria izan zuen eta 59. minutuan Raulek 2-1ekoa sartu zuen. Bigarren gola sartu ostean hainbat gol aukera sortu zituen etxeko taldeak, baina punteria faltagatik eta Iraizozen gelditu onei esker alemaniarrek ez zuten golik sartu.

Athletic gaizkien pasatzen ari zenean, zuri-gorrien gola etorri zen. Ibai Gomezek kornerra atera zuen eta Llorenteren errematea sare barrura joan zen. 72. minutuan lortu zuen Athleticek partida berdintzea (2-2). Gol hori hartuta, Schalke 04 behera etorri zen. Alemaniarrei ez zien hauspoak gehiagorako eman eta egoera baliatu zuen Bielsak zuzendutako taldeak. Azken ordu laurdenean nagusi izan zen talde bizkaitarra eta bi golekin gaua borobildu zuen. De Marcosek sartu zuen 2-3koa 81. minutuan eta, Muniainek azken minutuan, 2-4koa sartu zuen Susaetaren jokaldi bikain bati amaiera ezin hobea emanda.

Fitxa teknikoa:

2 - Schalke: Hildebrand (Schober, 46); Uchida, Papadopoulos, Matip, Fuchs; Hoger (Holtby, 55), Jones; Farfan, Raul, Draxler (Jurado, 55); eta Huntelaar.

4 - Athletic: Gorka; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe (Iñigo Perez, 71); De Marcos, Iturralde, Ander Herrera (Gomez, 46); Susaeta, Llorente eta Muniain.

Golak: 0-1: min 20, Llorente, 1-1: min 21, Raul, 1-2: min 59, Raul, 2-2: min 72, Llorente, 2-3: min 81, De Marcos. 2-4: min93, Muniain.