Itxi

Athletic Club

Ebakuntza egingo diote

Istillartek agur esan dio denboraldiari belauneko lesio larriaren ondorioz

A. B. E. | EITB Media

Sophie Istillart Athleticeko jokalariak haustura du eskuin belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatuan eta ebakuntza egingo diote. Klubak jakinarazi duenez, hilabete batzuk egongo da jokatu gabe.

  • Sophie Istillart

    Istillartek, min hartuta zelaia uzten duen unea, Levanteren aurkako partidan. Argazkia: EITB Media

Sophie Istillart Athleticeko jokalariak haustura du eskuin belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatuan, ebakuntza-gelatik pasako da, eta agur esan dio denboraldiari. Min hartu zuen urtarrilaren 16ko Levanteren aurkako Primera Iberdrola Ligako partidan.

Athleticek ez du zehaztu Iparraldeko jokalariari noiz egingo dioten ebakuntza, baina baieztatu du hilabete batzuk egongo dela jokatu gabe; ondorioz, ezingo du partida gehiago jokatu 2021-2022 denboraldian.

Talde zuri-gorrian, bi jokalarik izan dituzte lesio larriak hilabete baino gutxiagoan, 2021eko abenduaren 22an Naroa Uriartek ere eskuin belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatua hautsi baitzuen. Uriarteri ebakuntza egingo diote otsailaren 1ean.