Itxi

Athletic Club

Europa League

Athleticek Manchester kanporatu du eta final-laurdenetan da (2-1)

Erredakzioa

Partida serioa eta ona egin dute zuri-gorriek eta Fernando Llorenteren eta De Marcosen golekin Fergusonen taldea txapelketatik at utzi dute. Old Trafforden eskainitako joko onari eutsi dio taldeak.

  • Llorenteren golaren ospakizuna. Argazkia: EFE

    Llorenteren golaren ospakizuna. Argazkia: EFE

Athleticek erakustaldia eman du Manchester Uniteden aurka San Mamesen eta Europa Leagueko final-laurdenetarako txartela eskuratu dute. 2-1 irabazi dute zuri-gorriek Uniteden aurka final-zortzirenetako itzulerako partidan. Old Trafforden ere 2-3 irabazi zuen Athleticek eta ondorioz txapelketatik kanporatu du Manchester United handia.

Athletic ez zen kokildu eta hasieratik erritmo bizia ezarri zion partidari. Manchester Unitedek erritmo honetan murgildu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Javi Martinezen eta Susaetaren erremate banak lehen abisuak izan ziren eta Unitedek jarraian erantzun zuen Youngen barnekaldi batekin, baina Amorebietaren eta Iraizozen artean gola eragotzi zuten.

Lehen zatiko gol aukera onena 14. minutuan etorri zen. Muniainek jokaldi bikaina burutu zuen, area barruan sartu zen eta bere jaurtiketak zutoinarekin topo egin zuen. Aldaratzea De Marcosi iritsi citación, baina behartuta kanpora joan zitzaion errematea. Athleticek berera jarraitu zuen, baloiaren jabe izaten eta gol aukerak sortzen. Zuri-gorrientzat 24. minutuan etorri zen saria. Amorebietak pase gurutzatua bidali zion Llorenteri, honek boleaz egin zuen errematea eta 1-0eko sartu zuen.

Gola jaso ostean, United saiatu zen erreakzionatzen. Giggs gola sartzeko zorian egon zen, baina bere erremateak Aurtenetxeren bizkarrean jo zuen eta kanpora joan zen. Lehen zatiko azken minutuetan Athleticek ez zuen arazorik izan eta partida 1-0ekoarekin iritsi zen atsedenaldira.

Bigarren zatian gidoi berdina izan zuen partidak. Athletic nagusi eta Manchester United ezinean. Baloiaren jabe ziren Bielsaren mutilak eta bigarren zatiko ia gol aukera guztiak Athleticek sortu zituen.

Iraolak jokaldi bikaina burutu zuen 56. minutuan. Hiru aurkari atzean utzi zituen area barruan eta De Gearen ate aurrean zegoenean kanpora bidali zuen jaurtiketa. Zuri-gorriek, ordea. Ideak argi zituzten eta beraien erara jokatzen jarraitu zuten. Hamar minutu beranduago, hegaletik etorri zen jokaldi baten Athleticek bigarren gola sartu zuen. Toquero ez zen iritsi hegaletik zetorren erdiraketara, baloia De Marcosi eraori zitzaion eta bitan pentsatu gabe jaurtiketa gauzatu zuen 2-0eko markagailura igotzeko.

Bigarren gola sartu eta gero ere, Athleticek gol aukera nabarmenak izan zituen, baina United izan zen gola sartu zuena. 80. minutuan, Rooneyk San Mamasen bizitzen ari zen festarekin bat egin nahi izan zuen eta area kanpotik egindako jaurtiketa sare barrura bidali zuen. Gol ikusgarria lortu zuen aurrelari ingelesak eta San Mameseko zaleek txalo egin zuten. 21-ekoa izan zen.

Azken minutuetan talde bakoitzak gol aukera bana izan zuen. De Marcosen jaurtiketa De Gearen ate aurretik kanpora joan zen eta Wellbecken jaurtiketari erantzun bikaina eman zion Iraizozek.

Azkenean 2-1eko emaitzarekin lortu zuen garaipena Athleticek eta ostiralean burutuko den final-laurdenetako zozketan egongo da talde zuri-gorria.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, Herrera (Iñigo Perez, min.81), De Marcos; Susaeta, Muniain (San José, min.88) eta Llorente (Toquero, min.40).

1 - Manchester United: De Gea; Rafael, Evans, Ferdinand (Smalling, min.63), Evra; Carrick (Pogba, min.63), Cleverley, Park, Young; Giggs (Welbeck, min.68) eta Rooney.

Golak: 1-0, min.23: Llorente. 2-0, min.65: De Marcos. 2-1, min.80: Rooney.

Epailea: Cüneyt Cakir (Turkia).